145

Maisuari begira diezaiogun berriz. Agian une honetan zu ere entzuten ari zara Tomasi egindako gaitzespena: Ekarri behatz hori eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sar ezazu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik9; eta, Apostoluarekin batera, benetako damuz beterik, oihu hura aterako da zure arimatik: Ene Jauna eta ene Jainkoa!10, Maisutzat aitortzen zaitut behin betiko, eta hemendik aurrera beti –zure laguntzarekin– zure ikaskizunak gorde eta haiei leialki jarraitzen saiatuko naiz.

Ebanjelioan, orrialde batzuk lehenago, Jesus otoitz egitera erretiratu zen eszena hura gogoratzen dugu. Ikasleak hurbil zeuden, berari begira noski. Amaitu zuenean, haietako bat hauxe eskatzera ausartu zen: Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala. Eta Jesusek esan zien: Otoitz egitean, esazue: Aita, santu izan bedi zure izena11.

Ikusi zein harrigarria den erantzuna; ikasleak Jesu Kristorekin bizi dira, eta haien solasaldien erdian Jaunak nola otoitz egin behar duten erakusten die: Jainko errukiaren sekretu handia agertzen die: Jainkoaren seme-alabak garela, eta berarekin jardunean lasai ari gaitezkeela, haurra bere aitarekin aritzen den bezala.

Zenbaitek jaierazko bizitza, kristau baten bere Jaunarekiko harremana, nola eratzen duten ikustean, eta irudi desatsegin, teoriko, formulez osatua eta bizirik gabeko leloz josia aurkezten didatenean, gure Aita Jainkoarekin aurrez aurre hitz egitearen ordez anonimotasunera daramatenak –eta egiazko ahots otoitzak inoiz ez dakar anonimotasunik–, Jaunaren aholku hura bururatzen zait: otoitz egitean ez ari esan eta esan, jentilek ohi duten bezala, uste baitute beren hitz jarioari esker entzungo diela Jainkoak. Ez izan horien antzeko, bai baitaki zuen Aitak zeren beharra duzuen zuek eskatu baino lehen12. Eta Elizako Guraso batek honela dio: uste dut otoitz luzeak baztertzea agintzen digula Kristok; luzeak ez denborari dagokionez, baizik hitz multzo amaiezinagatik… Jaunak berak eman zigun epaile zitalaren gogorkeria erreguen indarrez gainditu zuen alarguntzaren jarraibidea; eta beste gizon desegoki harena, gauean orduz kanpo iritsi eta adiskidetasunaz ez baina egoskorkeriaz bere laguna ohetik altxarazi zuena (ik. Lk XI, 5-8; XVIII, 1-8). Bi etsenplu hauen bitartez, etengabe eska dezagun agintzen digu, baina ez otoitz amaigabeak eratuz, baizik eta gure beharrak xaloki azalduz13.

Hala eta guzti, otoitz egiten hastean ezin baduzue Jainkoarekin hitz egiteko arreta lortu, lehor aurkitzen bazarete, burua ezer azaltzeko gauza ez, eta zuen maitasuna sentipenik gabe, nire aholkua kasu horietan beti egiten saiatu ohi dudana da: jar zaitezte zuen Aitaren aurrean eta, gutxienez, esaiozue: Jauna! Ez dakit otoitz egiten! Ez zait bururatzen zer esan Zuri! Eta, zaudete ziur, une horretan bertan otoitz egiten hasi zarete.

Oharrak
9

Jn XX, 27.

10

Jn XX, 28.

11

Lk XI, 1-2.

12

Mt VI, 7-8.

13

S. Joan Krisostomo, In Matthaeum homiliae, XIX, 4 (PG 57, 278).

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean