151

Gorriz pintatutako makilak

Haur nintzela, gogoan ongi grabatuta geratu zitzaizkidan bide ertzetan jartzen zituzten seinale haiek nire lurraldeko mendietan. Deigarriak egin zitzaizkidan makila luze batzuk, gorriz pintatuak normalean. Orduan azaldu zidaten, elurra erortzen denean, bide, alor eta larreak, baso, haitz eta sakanak estaliz, makila horiek erreferentzia puntu seguruak bezala gailentzen direla, mundu guztiak jakin dezan bidea nondik doan.

Barne-bizitzan halako zerbait gertatzen da. Badaude udaberri eta udak, baina neguak ere iristen dira, eguzkirik gabeko egunak, eta ilargiak argitzen ez dituen gauak. Ezin dugu onartu Jesu Kristorekin ditugun harremanak gure umorearen mende egon daitezen, gure izaera aldaketen arabera. Halako jarrerek norberekoikeria, erosokeria adierazten dute eta, dudarik gabe, ez datoz maitasunarekin bat.

Horregatik elurte eta haize zakarren garaietan, jaierazko ariketa sendo batzuk –ez sentimendu hutsezkoak–, ongi finkatuak eta norberaren egoerara egokitzen direnak, gorriz pintatutako makila horiek bezalakoak izango dira, norabidea markatzen jarraitzen digutenak, Jaunak eguzkia berriz distiratu, izotzak urtu eta bihotzak berriz dardara egin dadila erabakitzen duen arte, benetan itzalita inoiz egon ez zen su baten bidez: hausberoa zen, froga denboraldi baten errautsak, ahalegin eskasagoak edo buru ukapen gutxiak estalitakoa.

Puntu hau beste hizkuntza batean