150
Har ezazue atseden Jainko seme-alabatasunean. Samurtasunez beteriko Aita da Jainkoa, maitasun mugagabeaz. Deitu iezaiozu askotan egunean zehar Aita eta –bakardadean, zure bihotzean– esaiozu maite duzula, gurtzen duzula: bere seme izatearen harrotasuna eta indarra sentitzen duzula. Barne-bizitzarako benetako programa bat da hau, Jaunarekiko jaiera harremanen bidez –gutxi baina etengabekoak, berriro diot– bideratu behar dena; horiek lagunduko dizute seme zintzoaren sentipenak eta portaerak zureganatzen.
Ohikeriaren arriskuaz ohartu behar dizut ere, egiazko jaieraren hilobia baita. Sarritan ekintza handiak aurrera eramateko handinahiez mozorrotuta azaltzen da, eguneroko eginbeharrak, erosotasunez, zaintzen ez diren bitartean. Iradokizun horietaz konturatzen zarenean, jar zaitez zinez Jainkoaren aurrean: pentsa ezazu beti gauza berean borrokatzeaz aspertu ez ote zaren, ez zenuelako Jainkoa bilatzen; begira ezazu ez ote den ahuldu –eskuzabaltasun eta ukapen ezagatik– zure iraunkortasuna lanean. Orduan, zure jaiera arauak, hildura txikiak, berehalako fruituak jasotzen ez dituzten apostolutza ekintzak, izugarri antzuak azaltzen zaizkizu. Hutsik gaude eta, agian, plan berriak amesten hasten gara, gure Zeruko Aitaren ahotsa isilarazteko, erabateko leialtasuna eskatzen baitu. Eta, handikeriazko amesgaiztoz larriturik arima, gauzarik ziurrena ahazten dugu, santutasunera zuzen-zuzen, zalantzarik gabe, garamatzan bidea: naturaz gaindiko ikuspuntua galdu dugun seinale garbia; haur txikiak garela, eta umiltasunez berriz hasten bagara, gure Aitak gauza miragarriak egingo dituela gugan uste izatea.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/150/ (2026-11-07)