146

Jainkozaletasuna, seme-alaba harremanak

Jainko seme-alaba izatetik sortzen den jainkozaletasuna arimaren jarrera sakon bat da, azkenean bizitza osoa eratzen duena: pentsamendu guztietan, desira guztietan eta maitasun guztietan agertzen da. Ez al zineten ohartu nola familietan umeak, konturatu gabe ere, beren gurasoen antzera jarduten diren: haien keinu eta ohiturak errepikatzen dituztela, eta jokabide berdinak izaten?

Ba horixe bera gertatzen da ere Jainkoaren seme zintzoaren jokabidean: nola edo zein bidez ez dakigula, jainkotze zoragarri hori iristen da, gertaera guztiak sinesmenaren naturaz gaindiko erliebez ikusten laguntzen diguna; Zeruko gure Aitak maite dituen bezala maitatzen dira gizaki guztiak eta –hau da gehien axola duena– kemen berri bat lortzen da Jaunarengana hurbiltzeko eguneroko ahaleginetan. Akatsak ez dute garrantzirik, berriro diot, hor baitaude Jainko gure Aitaren beso amultsuak gu altxatzeko.

Erreparatzen badiozue, alde handia dago haur bat erortzen denean eta adineko pertsona bat erortzen denean. Haurrentzat erortzeak normalean ez du garrantzirik. Hainbestetan egiten dute estropezu! Eta negar malkoren batzuk ihes egiten badiete, aitak esaten die: gizonek ez dute negarrik egiten. Horrela amaitzen da istilua, mutikoak bere aitari poz emateko ahaleginarekin.

Begira, ordea, zer gertatzen den gizon heldu batek oreka galtzen badu eta muturrez aurrera lurrera erortzen bada. Errukigarria ez balitz, barregarria litzateke. Baina, gainera, kolpeak agian ondorio txarrak ekar ditzake eta, agure batengan, agian konpondu ezinezko haustura sor dezake. Barne-bizitzan, quasi modo geniti infantes izatea komeni zaigu guztioi, haur txiki horiek bezalakoak: gomazkoak dirudite, hartzen dituzten danbatekoek ere gozarazten die, berehala zutitu eta korrika jarraitzen baitute; eta, behar denean, beren gurasoen atsegina ez zaielako falta ere.

Haur horiek bezala egiten saiatzen bagara, barne-bizitzako estropezuak eta porrotak –ezinbestekoak bestalde– ez dira samintasun bihurtuko. Minez, baina etsipenik gabe erreakzionatuko dugu, eta ur garbia bezala sortuko zaigu irribarrea, Maitasun, handitasun, jakinduria mugagabea, errukia den gure Aitaren seme-alabak garela jakiteak ematen digun pozez. Jaunaren zerbitzuan igaro ditudan urteetan Jainkoaren ume txiki izaten ikasi dut. Eta horixe bera eskatzen dizuet: izan zaiteztela quasi modo geniti infantes, Jainkoaren hitza, Jainkoaren ogia, Jainkoaren janaria, Jainkoaren indarra irrikatzen duten haurrak, aurrerantzean kristau sendoen jarduera izan dezagun.

Puntu hau beste hizkuntza batean