148
Berriro datozkit burura nire gaztaroko oroimenak. Bai fedearen adierazpena, hura! Orduko kantu liturgikoak entzuten nagoela iruditzen zait oraindik, intsentsuaren usaina arnasten, milaka gizon ikusten, bakoitza bere kandela handia daramala –bere ezerezaren sinboloa dena–, baina haurren bihotzarekin: agian bere aitaren aurpegirantz begiak jasotzera iristen ez den umea. Kontura zaitez eta ikasi zein gogorra eta garratza den Jauna, zeure Jainkoa, baztertzea15. Berritu dezagun gure erabaki irmoa: Jaunarengandik inoiz ez aldentzea munduko gurariengatik. Areagotu dezagun Jainko egarria, gure jarduerari dagokien erabaki zehatzen bidez: beren behartasuna aitortzen duten eta bere Aita bilatu eta berari etengabe deitzen duten haurrek bezala.
Baina, lehen esaten ari nintzenera itzuliko naiz: haurren antzeko izaten ikasi behar da, Jainkoaren seme-alabak izaten. Eta, bide batez, besteei ere pentsamolde hori erakutsi; berezko ahultasunen erdian, sinesmenean sendo16, egintzetan emankor eta bidean ziur egingo baikaitu; eta horrela, dena den egin genezakeen akats mota, baita zakarrena ere, inoiz ez dugu norabidea aldatzeko orduan eta Jainko seme-alabatasun bide nagusira itzultzerakoan zalantzarik izango. Bide honen buruan Jainko Aita dago, besoak zabalik, gure zain.
Zuen artean, nork ez ditu bere aitaren besoak gogoratzen? Segur aski ez ziren amarenak bezain atsegin, gozo eta leunak. Baina beso sendo eta indartsu haiek berotasunez eta ziurtasunez estutzen gintuzten. Jauna, eskerrak beso gogor horiengatik. Eskerrak beso sendo horiengatik. Eskerrak bihotz xamur eta sendo horrengatik. Nire okerrengatik ere eskerrak ematera nindoan! Ez, ez baitituzu nahi! Baina ulertzen, zuritzen, barkatzen dituzu.
Hauxe da Jainkoak gugandik espero duen jakinduria berarekiko harremanetan. Hau bai dela matematika zientziaren agerpen garbia: ezkerretara zero bat garela aitortzea. Baina Jainko gure Aitak bakoitza garen bezala maite gaitu, garen bezala! Nik –eta gizajo bat besterik ez naiz– zareten bezala maite zaituztet; pentsa ezazue Jainko maitasuna nolakoa izango den!, borroka ez badugu uzten, gure bizitza ongi hezitako kontzientziarekin ados jartzen ahaleginduz gero.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/148/ (2026-11-07)