142
In albis igandeak nire herriko tradizio jaieratsu bat dakarkit burura. Liturgiak janari espirituala desiratzera gonbidatzen gaituen egun honetan –rationabile, sine dolo lac concupiscite1, bila ezazue espirituaren esne garbia, eta iruzurrik gabe–, bazen orduan gaixoei Komunio Santua eramateko ohitura –ez zen behar kasu larriak izatea–, Pazko agindua bete ahal zezaten.
Hiri handi batzuetan. Parrokia bakoitzak prozesio eukaristiko bat antolatzen zuen. Unibertsitatean ikasle nintzen urteetan, oroitzen naiz gauza arrunta zela baita hiru ilara gurutzatzen ikustea Zaragozako Kosoan zehar. Gizonak bakarrik izaten ziren –milaka gizon!–, kandelak sutan zituztela. Jende sendoa Jesusi Eukaristian laguntzen zion hura; haien fedea kiloak pisatzen zituzten kandela haiek baino handiagoa zen.
Gaur gauean zenbait aldiz esnatu naiz eta, jakulatoria gisa, quasi modo geniti infantes2 behin eta berriz esan dut: haur jaioberriak bezala… Eta pentsatu ere, Elizaren dei hori oso ederki datorkigula Jainkoaren seme-alabak garela sentitzen dugunoi, pentsatzen nuen. Izan ere, sendo eta gogor izatea komeni zaigu, gauden giroan gure eragina sentiarazteko gai; eta hala ere, Jainkoaren aurrean, hain egoki zaigu seme-alaba txiki garela pentsatzea!
Jainkoaren seme-alabak gara
Quasi modo geniti infantes, rationabile, sine dolo lac concupiscite3: mundura iritsi berriak diren haurrak bezala, oihu egizue espirituaren esne garbiaren eske. Zoragarria da San Pedroren txatal hori eta ongi ulertzen dut jarraian liturgiak hitz hauek gehitu izana: exsultate Deo adiutori nostro: iubilate Deo Iacob4; egin poz-oihu Jainkoari, gure indarrari, egin irrintzi Jakoben Jainkoari; bera da gure Jaun eta Aita. Baina gaur, gure bihotzetik gorespen gorenenak sortzen dituen Aldareko Sakramentu Santuari buruz baino, nahiago dut beste egia bati buruz hausnar dezagun: Jainko seme-alabatasunari buruz, alegia, eta kristau sinesmena prestutasunez bizi nahi duten guztientzat egia honek dituen ondorioei buruz.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/142/ (2026-11-07)