152
Ez dizuet ezkutatzen, urteotan zehar zenbait pertsona hurbildu zaidala eta, nahigabeak jota, esan izan didatela: Aita, ez dakit zer gertatzen zaidan, nekatuta eta hotz nago; nire jainkozaletasuna, hain leuna eta laua lehen, komedia iruditzen zait… Ba, halako egoera jasaten ari direnei eta zuei guztiei ere, zera esaten dizuet: komedia bat? Bai gauza ederra! Jauna gurekin jolasean ari da, aita bat bere umeekin bezala.
Eskrituran irakurtzen da: ludens in orbe terrarum17, Bera lurbira osoan jolasean dabilela. Baina Jainkoak ez gaitu uzten, honela esaten baitu jarraian: deliciæ meæ esse cum filiis hominum18, gizakiekin dut nire gozamena. Gurekin jolasten da Jauna! Eta komedia bat antzezten ari garela bururatzen zaigunean, hotz eta gogorik gabe gaudelako; nahigabetuak eta indarrik gabe gaudenean; eginbeharrak betetzea eta jarritako xede espiritualak iristea latz egiten bazaigu, Jainkoa gurekin jolasean dabilela pentsatzeko ordua iritsi zaigu, eta gure komedia gailentasunez joka dezagula espero duela gugandik.
Ez zait axola zuei azaltzea, noiz edo noiz, goi-grazia ugariak eman dizkidala Jaunak; baina gehienetan gogorik gabe ari naiz. Ez dut nire plana burutzen gustukoa dudalako baizik eta egin behar dudalako, Maitasunez. Aita, baina Jainkoarekin komedia egin daiteke? Ez ote da hori itxurakeria? Egon lasai: jainkozko ikusle baten aurrean giza komedia batean parte hartzeko garaia heldu zaizu. Iraun ezazu, Aita, Semea eta Espiritu Santua zure komediari begira baitaude. Egizu dena Jainko maitasunagatik, Berari atsegin emateagatik, kosta bazaizu ere.
Zeinen polita den Jainkoaren juglare izatea! Bai gauza ederra komedia hori Maitasunez ahoskatzea, ukapenez, pozik sentitu gabe, gurekin jolasean ari den gure Aita Jainkoari atsegin emateagatik! Aurrez aurre hitz egiozu Jainkoari esanez: ez dut inolako gogorik lan honetan aritzeko baina Zugatik eskainiko dut. Eta ekin benetan lan horri, komedia dela pentsatzen baduzu ere. Zorioneko komedia! Egiatan diotsut: ez dago hor itxurakeriarik; itxuratiek ikusleak behar dituzte beren komedientzat. Alderantziz, gure komedia horren ikusleak –utzidazu berriro esaten– Aita, Semea eta Espiritu Santua dira; Ama Birjina, San Jose eta Zeruko Aingeru eta Santu guztiak. Gure barne-bizitzak ikuskizun hau besterik ez du gordetzen: Kristo da, quasi in occulto19 igarotzen ari dena.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/152/ (2026-11-07)