149
Biziera plana
Gure jainkozaletasuna nolakoa den eta nolakoa izan behar lukeen aztertzean, Jainkoarekiko gure harremana zein puntu jakinetan hobetu beharko lukeen, ongi ulertu baldin badidazue, egintza gaindiezinak imajinatzeko tentaldiari uko egingo diozue, zeren ikasi baituzue Jainkoa pozik dagoela maitasun adierazpen txikiak maiz eskaintzen badizkiogu.
Saia zaitez biziera plan bati eusten, aspertu gabe: minutu batzuetako gogozko otoitza, Meza Santura joatea –egunero, ahal baduzu–, eta ohiko Jaunartzea; Barkamen Sakramentu Santua aldian-aldian bilatu –kontzientziak bekatu larririk leporatzen ez badizu ere–; Jesusi Sagrarioan bisita egin, Arrosario Santua errezatu eta misterioak kontenplatu, baita zuk ezagutzen dituzun edo ikas ditzakezun beste zenbait ariketa eder.
Ez dira arau zorrotz bihurtu behar, konpartimentu itxien antzera; ibilbide malgu bat adierazten dute, kale erdian bizi zaren gizon izaerara ongi egokitzen dena, zure lan profesional trinkoa eta zure gizarteko betebehar eta harremanak alde batera utzi gabe, eginbehar horietan Jainkoarekin topo egiten jarraitzen baituzu. Zure biziera plana eskura hain ongi egokitzen den gomazko eskularrua bezala izan behar da.
Ez ahaztu ere ez dela garrantzitsuena gauza asko egitea; egunean eskuzabaltasunez bete ditzakezunetara muga zaitez, gogoz edo gogorik gabe. Ariketa horiek kontenplaziozko otoitzera eramango zaituzte, ia ohartu gabe. Zure bihotzetik maitasun egintza gehiago, jakulatoriak, esker emateak, ordain egintzak eta gogozko jaunartzeak sortuko dira. Eta hori guztia, zure eginbeharrak betetzen dituzun bitartean: telefonoa hartzean, garraiobide batera igotzean, atea irekitzean edo ixtean, eliza baten aurretik pasatzean, zeregin berri bat hastean, egiten duzun bitartean eta amaitzean; dena Jainkoari begira egingo duzu.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/149/ (2026-11-07)