141

Itzul zaitez berriro zure bizitzara, eta eskatu barkamena xehetasun harengatik eta zure kontzientziaren aurrean berehala azaltzen den beste horrengatik: mingaina gaizki erabiltzeagatik, zure buruaren inguruan etengabe jiraka dabilzkizun pentsamenduengatik, kezkaturik zaituen eta beti larritasunez betetzen zaituen onartutako iritzi kritiko horrengatik... Zein zoriontsu izan zaitezketen! Jaunak pozez beterik nahi gaitu, alaitasunak leher eginik, Bera ibili zen bide zoriontsu berberetatik ibiliz! Desbideratu nahi izaten dugunean bakarrik sentitzen gara zoritxarrekoak, berekoikeriazko eta haragikeriazko bide horietan zehar sartzen garenean, are eta okerrago itxuratien bidea hartzen badugu.

Kristaua bere egite guztietan jator, egiazale, zinezko agertu behar da. Bere jarduerak espiritu bat agertu behar du: Kristorena. Norbaitek mundu honetan bere sinesmenarekin ados agertzeko obligazioa badu, kristaua da, gordailuan hartu baitu dohain hori25, askatu eta salbatzen duen egia26, fruitu eman dezan. Aita, galdetuko didazue, nola lor dezaket bizitza zintzotasun hori? Jesu Kristok behar diren baliabide guztiak eman dizkio bere Elizari: otoitz egiten, Zeruko Aitarekin hitz egiten erakutsi digu; bere Espiritua, Ezezagun Handia, bidali digu, gure ariman jarduten duena; eta graziaren seinale ikusgarriak utzi dizkigu, Sakramentuak. Erabil itzazu. Areagotu zure jaierazko bizitza. Egin otoitz egunero. Eta ez kendu inoiz zure sorbaldak Jaunaren Gurutzearen zama maitagarritik.

Jesusek deitu dizu bere ikasle zintzo bezala Berari jarraitzera, munduak eman ezin duen bakea eta poza ereintzen egin dezazun zure mundu honetako ibilbidea. Horretarako –berriro diotsuet– bizitzari eta heriotzari beldurrik izan gabe ibili behar dugu, oinazetik kosta ahala kosta ihes egin gabe, kristau batentzat garbitzeko bide eta senideak benetan maitatzeko aukera baita, bizitza arrunteko gorabeherak aprobetxatuz.

Pasa da denbora. Amaiera eman behar diet gogoeta hauei. Zure arima astindu izan nahi dut zuk erabaki batzuk hartuz erantzun dezazun, gutxi baina ongi zehaztuak. Pentsa ezazu Jainkoak pozez beterik nahi zaituela, eta zuk zure aldetik ahal duzuena jarriz gero, zoriontsu izango zarela, oso zoriontsu, izugarri zoriontsu, inoiz Gurutzerik falta ez bazaizu ere. Baina Gurutze hori ez da orain urkamendi bat, baizik Kristo erregearen tronua. Eta haren ondoan bere Ama, gure Ama ere bai. Ama Birjina santuak iritsiko dizu bere Semearen urratsen atzetik zalantzarik gabe joateko behar duzun indarra.

Oharrak
25

Ik. Lk XIX, 13.

26

Ik. Jn VIII, 32.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean