128
Kristauaren bidea
Zein gardena den Kristoren irakaskuntza! Ohi bezala, ireki dezagun Itun Berria, kasu honetan San Mateoren XI. kapitulutik: ikasi niregandik, gozoa eta bihotz apala bainaiz4. Ikusten? Harengandik ikasi behar dugu, Jesusengandik, gure eredu bakarra baita. Aurrera jo nahi baldin baduzu oztopo eta okerbideak saihestuz, Bera ibili zen lekutik ibili besterik ez duzu, zure oin zolak haren oinatzen arrastoaren gainean jarri, haren bihotz apal eta eraman onekoaren barrena sartu, haren agindu eta maitasunaren iturritik edan, hitz batean, Jesu Kristorekin berdindu behar zara, beste Kristo bat benetan bihurtzen saiatu behar zara zure senide gizakien artean.
Inork iruzurtzat har ez dezan, irakur dezagun san Mateoren beste pasarte bat. XVI. kapituluan, Jaunak are gehiago zehazten du bere ikasbidea: nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat5. Jainkoaren bidea norberaren ukapena, hildura eta eskaintza da, ez ordea tristura edo kikiltasuna.
Errepasatu Kristoren jarraibidea, Beleneko sehaskatik Kalbarioko tronuraino. Gogora itzazu bere buru ukamena, bere gabeziak: gosea, egarria, nekea, beroa, logalea, tratu txarrak, ulergaitzak, negar malkoak...6; eta gizadi osoa salbatzeko poza. Gustatuko litzaidake orain burua eta bihotz barrenean ongi gordeko bazenu –askotan hausnartu eta ondorio praktikoak atera ditzazun– San Pauloren laburpen hura Efesotarrei Jaunaren pausoei zalantzarik gabe jarraitzera gonbidatzen zienean: izan zaitezte, beraz, Jainkoaren antzekoak, beraren seme-alaba maite zaretenez. Bizi zaitezte maitasunean, Kristoren antzera, berak maite izan baikintuen eta bere burua gure alde eman baitzuen, Jainkoak atseginez onartzen duen usain oneko oparitzat eskainiz7.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/128/ (2026-11-07)