133
Bihotz taupadaren antzera
Hitz egiten ari naizen bitartean, badakit zuen jokaera aztertzen saiatzen ari zaretela Jainkoaren aurrean. Ez al da egia zure arima urduri utzi duten kezka gehienak, bakerik eza horiek, Jainkoaren deiei kasu ez egiteagatik datozela; edo, agian, itxuratien bideari jarraitzen ari zinelako, zeure buruaren bila? Zure ingurukoen aurrean jarrera kristau baten itxura mantentzen saiatzen zinen, baina ez zenion zeure buruari uko egin nahi, ezta zure grina txarrak hilduratu, ez zenuen zeure burua eskaintzeko asmorik, ukapenez, Jesu Kristok bezala.
Begira, Sagrarioaren aurreko gogoeta tarte hauetan, ezin zarete mugatu apaizaren hitzak entzutera, berak zuetako bakoitzaren otoitz isilari ahotsa jarriko balio bezala. Nik gogoeta batzuk aurkezten dizkizut, puntu batzuk adierazten, zuk zeure kabuz jaso eta hausnar ditzazun, Jainkoaren eta zure arteko solasaldi kutun eta isilaren gai bihurtuz. Horrela, gai horiek zure egungo egoerari egokituz eta Jaunak bidaltzen dizun goi-argiaren bidez, zure jardueran bide onetik eta bide txarretik doazenak bereiziko dituzu, Haren graziaren bidez zuzentzeko.
Eskerrak eman iezazkiozu Jaunari interesik gabe egin dituzun egintza onengatik, honela kanta baitezakezu salmo egilearekin: Herio leize sakonetik, lokatzetik, atera ninduen. Haitz gainean tinko jarri ditu nire oinak, seguruak egin nire pausuak16. Eska iezaiozu barkamena ere egin ez duzunagatik, gaizki emandako pausuengatik, itxurakerian era penagarriz nahas-mahas eginik Jainkoaren aintza eta lagun hurkoaren ona bilatzen zenuela esan eta, egia esateko, zeure burua ohoratzen zenuenean… Izan zaitez ausart, eskuzabal, eta esazu ezetz: hemendik aurrera ez diozula Jaunari ez gizadiari gehiago huts egin nahi.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/133/ (2026-11-07)