138

Penitentzia espiritua

Asmo zintzoen erabakiak hartzen saiatzen ari zara dagoeneko? Eska iezaiozu Jaunari bere maitasunagatik lagun zaitzala zeure buruari gogaitzen; naturaltasunez, gauza guztietan hilduraren usain garbitzailea jartzen; bere zerbitzuan zeure burua xahutzen, gauza ikusgarririk gabe, isilik, Sagrarioaren aurrean kliskatzen dagoen lanparatxoa ahitzen den moduan. Eta ez bazaizu bururatzen oraintxe zure bihotza jotzen duten jainkozko eskakizunei nola erantzun zehazki, entzun ongi:

Penitentzia da erabaki duzun ordutegia zintzo-zintzo betetzea, nahiz gorputzak kontra egin edo adimenak ameskerietan ihes egin nahi izan. Penitentzia da orduan jaikitzea. Eta lan zail edo neketsu hura ez geroko uztea, arrazoirik ez badago.

Penitentzia da Jainkoarekin, beste pertsonekin eta zeure buruarekin dituzun betebeharrak batera eramatea, zeure buruari gogor eginez betebehar bakoitzak behar duen denbora bilatzeko. Penitentea zara zure otoitz planari maitasunez eusten badiozu, akitua, gogorik gabe edo hotz bazaude ere.

Penitentzia da beti maitasun handienaz besteak tratatzea, zure familiagandik hasita. Sufritzen dutenak, gaixoak, nahigabetuak ahalik eta ongien tratatzea. Nekagarri eta desegokiak direnei pazientziaz erantzutea. Gure programak etetea edo aldatzea gorabeherek –batez ere besteen interes jator eta zuzenek– hala eskatzen dutenean.

Penitentzia, eguneko mila nahigabe txikiak umore onez eramatean datza; zure eginkizuna bertan behera ez uztean, hasierako momentuan izan zenuen ilusioa joana izan arren; zerbitzatzen digutena esker onez jatean, zure kapritxoekin gogaitu gabe.

Penitentzia, gurasoentzat eta, oro har, gobernu edo heziera zereginetan dabiltzanentzat, behar denean zuzentzea da, akatsaren izaeraren eta laguntza behar duenaren baldintzen arabera, subjektibismo ergel eta sentimentalen gainetik. Penitentzi espirituak etorkizuneko proiektuen egundoko zirriborro horri ordenarik gabe ez atxikitzera darama; izan ere, aurretik ikusiak izaten ditugu marrazki horren gure marra eta pintzelada bikainenak. Nola pozten dugun Jainkoa gu garen maisu koxkor honen zirrimarra eta brotxakadei uko egin eta Berari uzten diogunean gustukoak dituen marra eta koloreak eransten!

Puntu hau beste hizkuntza batean