139
Beste mila xehetasun gehiago ematen jarrai dezaket –orain bururatu zaizkidanak bakarrik aipatu dizkizut– gero eta gehiago Jainkoarengana eta lagun hurkoarengana hurbiltzeko balia ditzakezunak, egunean zehar erabil ditzazun. Adibide horiek eman badizkizut, ez da, noski, ez ditudalako penitentzia handiak aintzat hartzen, alderantziz, santu eta on gertatu ez ezik, beharrezkoak dira ere Jaunak bide horretatik deitzen duenean, zure arimaren zuzendariaren onespenarekin beti. Baina ohartarazten dizut penitentzia handiak, harrokeriak eragindako erorketa nabarmenekin batera eman daitezkela ere. Alderantziz, Jainkoari etengabe atsegin emateko gogoz, norberaren borroka txiki horietan –adibidez, gogorik ez duzunean irribarre egitea bezala: benetan diotsuet, zailago izaten dela batzuetan irribarre bat zilizio ordu bat baino–, harrokeria, geure burua heroi aipagarritzat hartzea den sinpletasun barregarria, ez da erraz pizten. Bere aitari doi-doi huskeriak eskaintzen dizkion haur txiki bat bezala ikusten dugu geure burua, baina poz handiz jasotzen direnak.
Orduan, kristauak, beti hildura bilatu behar du? Bai, baina maitasunagatik. Gure goi-deiaren altxor hau buztinezko ontzitan baitaramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik. Alde guztietatik estutzen gaituzte, baina zapaldu ez; larri gaude, baina etsita ez; erasopean bai, baina eskutik utzita ez; lurrera botatzen gaituzte, baina suntsitzen ez; nonahi eta beti Jesusen heriotza daramagu guregan, Jesusen bizia ere guregan ager dadin. Bizi garen bitartean, beti heriotzara garamatzate Jesusengatik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia ere ager dadin23.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/139/ (2026-11-07)