135
Har ditzagun beste etsenplu batzuk, eguneroko bizitzatik hauek ere. San Paulok aipatzen ditu: atletek diziplina gogorra ezartzen diote beren buruari, eta hori, zimeltzen den koroa irabazteko; guk, ordea, zimeltzen ez dena irabazteko17. Aski duzue zuen ingurura begiratzea. Ikus ezazue zenbat sakrifizio egiten dituzten gizonezkoek nola emakumezkoek, gogo onez edo txarrez, gorputza zaintzeko, osasunari begiratzeko edo besteen estimua lortzeko… Gizadiak hain gaizki erantzuten dion Jainkoaren maitasun handiaren aurrean, ez ote gara gauza izango, hunkiturik, behar dena hilduratzeko, gure adimena eta bihotza Jaunari gehiago begira egon dakizkion?
Hainbesteraino nahastu da kristau sena kontzientzia askotan, non hildura eta penitentziaz hitz egiten denean, santuen biografia batzuetako narrazio ederretan aipatzen diren barau izugarri eta zilizio horietan bakarrik pentsatzen baita. Gogoeta hau hastean, premisa argi bat bezala ezarri dugu Jesu Kristo imitatu behar dugula gure jardueraren eredu gisa. Egia da basamortura alde egin eta berrogei egun eta berrogei gauetan barau eginez prestatu zuela bere predikuaren hasiera18, baina horren aurretik eta gero ere bai naturaltasun osoz bizi izan zuen neurritasuna, bere etsaiek tripazain eta edale, zergalarien eta bekatarien lagun19 zela kalumniatzeraino.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/135/ (2026-11-08)