137
Utz iezadazue esaten berriz ere zein den Jainkoak guretzat nahi duen bidea, munduaren erdian bere zerbitzuan lan egitera deitzen gaituenean, zeregin arrunten bidez geure burua santu egin eta mundua santutzeko. Egundoko zentzu onez eta aldi berean sinesmenez beterik, San Paulok predikatzen zuen Moisesen legean idatzita dagoela: ez diozu muturrekorik ipiniko garia jotzen ari den idiari21. Eta bere buruari galdetzen dio: Idien arduraz ote dio hori Jainkoak? Ala ez ote dio hori guregatik, hain zuzen? Jakina, bai, guregatik dagoela idatzia. Izan ere, bai lurra lantzen duenak, bai garia jotzen ari denak, fruituan bere partea izango duen itxaropenez egin behar du lan22.
Kristau bizitza inoiz ez da eginbeharren egitura itogarri batera murriztu, arimak bere onetik ateratzen dituena; bakoitzaren egoerara egokitzen da, ordea, eskularrua eskura bezala, eta gure eguneroko eginkizunen artean, txiki nahiz handi, otoitzaren eta hilduraren bidez, naturaz gaindiko ikuspuntua inoiz gal ez dezagun eskatzen du. Pentsa ezazue Jainkoak izugarri maite dituela bere izakiak, eta nola egin beharko du lan astoak jaten ematen ez bazaio, indarrak berritzeko denborarik ez badu, edo kemena makilakadaz hausten bazaio? Zure gorputza astakumea bezala da –astakume bat izan zen Jainkoaren tronua Jerusalemen–. Gainean zaramatza lurreko jainkozko bideetan zehar: menderatu egin behar da, Jainkoaren bidetik atera ez dadin eta adore eman behar zaio, asto batengandik itxaroten den trostarik alaiena eta bizkorrena izan dezan.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/137/ (2026-11-07)