127

Ego sum via, veritas et vita1, Ni naiz bidea, egia eta bizia. Hitz argi hauen bidez erakutsi digu Jaunak zein den betiko zorionera daraman benetako bidea. Ego sum via: Bera da Zerua eta lurra lotzen dituen bide bakarra. Gizon-emakume guztiei esaten die, baina batez ere gogoratzen digu, zu eta ni bezala, kristau deia benetan hartzea erabakiak gaudela esan diogunoi; beraz, Jainkoa beti gure pentsamenduetan, gure ezpainetan eta gure egintza guztietan egon behar da, baita arruntenetan ere.

Jesus da bidea. Berak, mundu honen gainean bere urratsen aztarna garbiak utzi ditu, seinale ezabaezinak, urteen joanak nahiz etsaiaren saldukeriak ezabatu ezin izan dituztenak: Iesus Christus heri, et hodie; ipse et in sæcula2. Zein atsegin zaidan gogoratzea!: Jesu Kristo, atzo Apostoluentzat eta bilatzen zutenentzat izan zena, huraxe bera bizi da gaur guretzat, eta biziko menderen mende. Gizakiok batzuetan ez dugu haren aurpegia –egungoa betiereko– ikustera asmatzen, begi nekatu eta lausoez begiratzen baitugu. Orain, Sagrarioaren ondoan, otoitzaldi hau hastean, eska iezaiozu Ebanjelioko itsu hark bezala: Domine, ut videam!3, Jauna, ikus dezadala!, nire adimena argiz bete, eta sar dadila Kristoren hitza nire buruan; sustraitu dadila nire ariman haren Bizia, betiko Aintzari begira alda nadin.

Oharrak
1

Jn XIV, 6.

2

Heb XIII, 8.

3

Lk XVIII, 41.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean