130

Gogoan dut orain –zuetako batek, segur aski, entzuna dit iruzkin hau beste gogoeta batzuetan– gaztelaniaren urrezko mendeko idazle haren ametsa. Haren aurrean bi bide irekitzen dira. Bata, gurdibide zabala, erraza, benta, ostatu eta beste leku atsegingarri ugarikoa. Bide horretatik, zaldiz edo karrozetan, musika eta barre-algaretan –algara zoroak– dabil jendea; jendetza azaleko gozamen iragankor batek hordituta ikusten da, izan ere, bide hori hondorik gabeko amildegian amaitzen baita. Mundutarren bidea da, burgestuena: benetan ez duten alaitasuna agertzen dute; erosotasun eta atsegin guztien atzetik dabiltza aserik gabe…; oinazeak, uko egiteak, sakrifizioak izutzen dituzte. Kristoren Gurutzeaz ez dute ezer jakin nahi, txoratuen gauza dela pentsatzen dute. Baina zoroak beraiek dira: bekaizkeria, sabelkeria eta haragikeriaren morroi direnez, azkenean bizimodu okerragoa daramate eta beranduegi ohartzen dira beren munduko eta betiereko zoriona huskeria motel batengatik xahutu dutela. Honela ohartzen gaitu Jaunak: bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu?9

Bestelako norabide batetik doa beste bide bat amets horretan: hain meharra eta aldapatsua denez, bide horretatik ez dago zamari gainean ibiltzerik. Bide hori hartzen duten guztiek, oinez dabiltza, sigi-sagan agian, aurpegi baketsuz, sasiak zapalduz eta arrokak saihestuz. Leku jakin batzuetan soineko eta baita haragi piltzarrak uzten doaz. Baina bide buruan lorategi eder batek itxaroten die, betiko zoriontasunak, Zeruak. Arima santuen bidea da, beheratzen direnena, Jesu Kristoren maitasunez, besteen alde bere buruari uko egiten diotenena; maldan gora joateko beldurrik ez dutenen bidea, gurutzea soinean maitekiro hartuz, pisu handikoa izanda ere; bai baitakite zamak zapaltzen baditu, altxatuko direla eta malda gora igotzen segitu ahal izango dutela: Kristo da ibiltari hauen indarra.

Oharrak
9

Mt XVI, 25-26.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean