132
Helburuari begira
Egia latz hauek oroitarazten badizkizuet, zuen jokabidea bultzatzen duten eragingarriak azter ditzazuen ari naiz, zuzendu behar dena zuzentzeko, dena Jainkoaren eta zuen senide diren gizakien zerbitzura bideratuz. Hara, Jauna gure ondotik pasa da, maitekiro begiratu digu eta dei egin digu bizi santura, ez gure egiteengatik, baizik eta bere erabakiarengatik, eta gizaldi guztiak baino lehen Jesu Kristorengan eman zaigun graziarengatik14.
Garbi ezazue asmoa, Jainko maitasunagatik ardura zaitezte gauza guztiez, eguneroko gurutzea pozez besarkatuz. Milaka aldiz esan dut, ideia hauek kristauen bihotzetan zizelez grabaturik egon behar dutela uste baitut. Nahigabea onartzera bakarrik mugatzen ez bagara, eta, alderantziz, atsekabea, oinaze fisiko edo morala maitatzen baditugu eta gure bekatuen eta gizaki guztien bekatuen ordainez Jainkoari eskaintzen badizkiogu, orduan, egon ziur, atsekabe horrek ez du nahigabetzen.
Orduan ez da edonolako gurutzea eramaten, Kristoren Gurutzea aurkitzen da, eta Salbatzailea da zama eramateaz arduratzen dena, guri bihotza arinduz. Guk Simon Zirenekoak bezala laguntzen diogu. Hura, soroan lan egitetik etxera zetorrela, merezitako atsedena hartzeko asmoan, Jesusi laguntzeko sorbaldak jartzera behartu zuten15. Norberaren borondatez Kristoren Zirenetarra izatea, akituta dagoen Haren Gizatasun minduari hain hurbiletik laguntzea, arima maiteminduarentzat ez da zorigaitza, Jainkoa hurbil dagoela eta hautaketa horren bitartez bedeinkatzen gaituen seinale da.
Sarritan eta ez gutxi batzuk bakarrik komentatu izan didate harriturik Opus Deiko nire seme-alabek, Jainkoari esker, duten alaitasun kutsakorra. Argi ikusten den errealitate honi buruz, beti azalpen berarekin erantzuten dut, ez baitut besterik ezagutzen: haien zorionaren oinarria bizitzari nahiz heriotzari beldurrik ez izatean datza, nahigabearen aurrean jota ez gelditzean, egunero buru ukapen espiritua bizitzen ahalegintzean; beti prest –bakoitzak bere miseria eta ahultasuna kontutan hartuz– bere buruari uko egiteko, besteei kristau bidea eramangarriagoa eta atseginagoa egitearren.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/132/ (2026-11-07)