131
Zer axola digu estropezu egiteak, erorketaren minean berriz zutitzeko eta arnas berriaz jarraitzeko indarra aurkitzen badugu? Ez ahaztu ez dela santu inoiz erortzen ez dena, baizik eta beti altxatzen dena, umiltasunez eta burugogortasun santuz. Esaera Zaharren liburuan zintzoa egunean zazpi aldiz erortzen dela esaten bada10, zuk eta nik –izaki gaixo hauek–, ez dugu harritu ezta adorerik galdu behar geure miserien eta estropezuen aurrean, aurrerantz joango baikara sendotasuna bilatzen badugu hauxe agindu digun Harengan: zatozte niregana, nekatu eta zamapetu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden11. Eskerrak, Jauna, quia tu es, Deus, fortitudo mea12, Zu izan baitzara, Zu bakarrik, ene Jainko, nire indar, babes eta euskarria.
Barne-bizitzan benetan aurreratu nahi baduzu, izan zaitez umil. Aspergabe eta konfiantza osoz bila ezazu Jaunaren eta bere Ama Mariaren –zure Ama baita ere– laguntza. Baketsu, lasai, zure azken irristadaren zauriak, oraindik ondo itxi gabe, min ematen badizu ere, har ezazu berriz gurutzea eta esazu: Jauna, zure laguntzarekin, ez gelditzen saiatuko naiz, zure deiei zintzo erantzungo diet, malda gogorrei edo itxuraz aspergarria den eguneroko lanaren eta bideko sasi eta harri koskorren beldur izan gabe. Ziur nago zure errukia dudala lagun eta azkenean betiko zoriona, alaitasuna eta maitasuna aurkituko ditudala menderen mende.
Gero, amets horretan bertan, hirugarren bide bat aurkitzen zuen idazle hark: meharra, laztasunez eta malda gogorrez beterik, bigarrenaren antzera. Bazihoazen zenbait bide hartatik, mila oinazeen artean aire dotore eta ospetsuz. Baina lehenengo bideak zeraman amildegi itsusi berean bukatzen zuten. Itxuratien bidea da hori, asmo zuzenez jokatzen ez dutenak hartzen dutena, baita sasi ardurak bultzatuta jarduten direnak edota Jainkoaren ekintzak munduko burukoikeriaz nahastuz okertzen dituztenak. Ergelkeria da ekintza neketsu batez arduratzea miretsia izateko helburuarekin. Jainkoaren aginduak kosta ahala kosta gordetzea, baina giza ordainsari baten bila. Bertuteetan aritzearekin giza irabaziak lortu nahi dituena, bitxi baliotsu bat txanpon gutxi batzuen truk saltzen duenaren antzekoa da: Zerua irabazi zezakeen eta, horren ordez, gorespen iragankor batekin konformatzen da… Horregatik esan ohi da, itxuratien itxaropenak armiarma sarearen modukoak direla: ehunduz hainbeste lan hartu, azkenik istant batean heriotzaren haizeak eramateko13.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/131/ (2026-11-07)