176
Kristoren jarraibidea
Jesu Kristo, gure Jauna, bere lurreko bizitzan zehar, irainez betea izan zen eta tratu txarra jaso zuen eman daitezkeen modu guztietan. Gogoratzen al zarete? Bihurri bat bezala portatzen dela zabaltzen dute eta deabruak hartua dagoela esaten5. Beste batean, bere Maitasun neurrigabea gaizki ulertuz, bekatarien lagun dela leporatzen diote6.
Gero, penitentzia eta neurritasuna bera denari, aberatsen mahaian maizegi esertzen dela aurpegiratzen diote7. Fabri filius8 mespretxuz deitzen diote ere, langilearen semea, arotzarena, iraina izango balitz bezala. Edale eta tripazain deitu dezatela uzten die… Edozein gauzaz salatu dezatela, garbia ez izateaz izan ezik. Horretan ahoa estali die, guk itzalik gabeko eredu hori gorde dezagula nahi izan duelako: garbitasun, argitasun, eta maitasunezko eredu zoragarri bat, mundu guztia erretzen dakiena, hura garbitzearren.
Gogokoa dut garbitasun santuaz hitz egitea gure Jaunaren jokaerari begira beti. Bera fintasunez beterik agertu zen bertute honetan. Begira zer dioen San Joanek, Jesus fatigatus ex itinere, sedebat sic supra fontem9, bideaz nekaturik putzu ertzean eseri zenean.
Bildu arimaren begiak eta berpiztu gertaera hura. Jesu Kristo, perfectus Deus, perfectus homo10, bideaz eta apostolutza lanagatik nekatua dago. Agian zuei noizbait gertatu izan zaizuen bezala: txikituta geratzen zarete, ezin gehiago. Hunkigarria da Maisua leher eginik ikustea. Gose da gainera: ikasleak ondoko herrira joan dira, jateko zerbaiten bila. Eta egarri da.
Baina gorputzaren nekeak baino gehiago arima-egarriak ahitzen du. Horregatik, samariarra, emakume bekatari hura iristean, Kristoren apaiz bihotza iraultzen da, arduratsu, ardi galdua berreskuratzera: neke, gose eta egarriaz ahaztuta.
Karitatezko egintza handi hartan arduratzen zen Jauna Apostoluak hiritik zetozen bitartean eta mirabantur quia cum muliere loquebatur11, harrituta gelditu ziren emakume batekin bakarka hizketan ari zelako. Hau fintasuna! Nolako maitasuna garbitasun santuaren bertute liluragarri honi! Sendoagoak, emankorragoak izaten laguntzen digu, baita Jainkoaren alde lan egiteko eta egintza handitarako gaitasun gehiagokoak.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/176/ (2026-11-07)