178
Jainkoa gure gorputzetan eraman
Beti pena handia eman izan dit batzuen – hainbaten!– arauak: lizunkeria aukeratzen dute beti beren irakaspenen etengabeko jarraibide bezala; eta horrela, nahi dutenaren kontrakoa lortzen dute –arima nahikoarengan egiaztatu dut–, pikea baino gai itsaskorragoa baita hau, eta kontzientziak deformatzen ditu konplexu edo beldurraren bidez, arimaren garbitasuna eragozpen ia gaindiezina izango balitz bezala. Guk, ez; guk arrazoiketa baikor eta gardenez hitz egingo dugu garbitasun santuari buruz, hitz neurritsu eta argiz.
Gai honi buruz gogoeta egiteak Maitasunaz hitz egitea esan nahi du. Orain gutxi esan dizuet, horretarako, gure Jaunaren Gizatasun Santura jotzea lagungarri zaidala; Jainkoa gizon egiteraino beheratze hori gauza miresgarri eta esanezinezkoa da; ez du bere burua beheitituta ikusten gurea bezalako haragia hartzeagatik, honen ezintasun eta ahultasunekin, bekatua izan ezik; eta hori, zoratzeraino maite gaituelako! Bera ez da bere ezereztearekin beheratzen; gu ordea, goratu egiten gaitu, gorputzean eta ariman jainkotzen. Haren Maitasunari maitasun xamur, garbi, bizi eta ordenatu batez baietz erantzutea, horixe da garbitasun bertutea.
Lurbira osoan oihukatu behar dugu, ahoz eta gure jardueraren lekukotasunaz: ez dezagun gure bihotza pozoitu, instintu baxuenen mende dauden piztiak izango bagina bezala. Idazle kristau batek honela azaltzen du: begira: gizakiaren bihotza ez da txikia, hainbeste gauza gordetzen baititu. Neur ezazue bere handitasuna ez haren neurri fisikoan, baizik haren adimenaren indarrean, hainbeste egien ezaguerara iristeko gai dena. Bihotzean Jaunaren bidea presta daiteke, bidexka zuzen bat egin, Hitza eta Jainkoaren Jakinduria handik pasa daitezen. Jarduera zintzo eta egintza bikainen bidez presta ezazue Jainkoaren bidea, lautu bidexka, Jainkoaren Hitza zuengan oztoporik gabe ibil dadin eta bere misterioen eta etorreraren ezagutza eman diezazuen14.
Eskritura Santuak azaltzen digu, santutzearen egintza ezkutu handi hori, Espiritu Santuaren eginkizun bikaina, ariman eta gorputzean egiten dela. Ez al dakizue zuen gorputzak Kristoren atal direla?, oihu egiten du Apostoluak. Eta nik Kristoren atala emagaldu baten atal egingo ote dut? (…) Ez al dakizue zuen gorputza Jainkoak eman dizuen eta zuengan bizi den Espiritu Santuaren tenplu dela? Beraz, ez zarete jadanik zeuenak, garesti ordainduz eskuratu baitzaituzte Jainkoak. Goretsazue, bada, Jainkoa zeuen gorputzaz15.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/178/ (2026-11-07)