186
Zoritxarrez, erortzen bada, berehala jaiki behar da. Jainkoaren laguntzaz –inoiz ez da faltako bitartekoak jartzen badira– lehenbailehen damura iritsi behar da, zintzotasun apalera, ordainera, horrela une bateko porrota Jesu Kristoren garaipen handi bihur dadin.
Ohitu zaitezte ere gotorlekuko harresi nagusietatik urrun jartzen borroka. Ezin da gaizkiaren mugetan oreka egiten ibili: sendotasunez saihestu behar dugu in causa boluntarioa, desamodio txikienari ere uko egin behar diogu, eta etengabeko kristau apostolutza eraginkorraren irrika sustatu; honek garbitasun santua behar du zimendutzat eta baita bere fruiturik ezaugarrienetako bat bezala ere. Gainera, arduraz egindako lan gogor batez bete behar dugu beti denbora, Jainkoaren presentzia bilatuz, ez baitugu inoiz ahaztu behar prezio handian erosiak izan garela eta Espiritu Santuaren tenplu garela.
Eta zer beste aholku emango dizuet? Ba, Kristori benetan jarraitu nahi zioten kristauek beti erabili izan dituzten bideak, Jesusen arnasa sentitu zutenek erabiltzen zituzten berberak: Jaunarekin harreman jarraitua Eukaristian, Ama Birjinari seme-alabek bezala eskatzea, umiltasuna, neurritasuna, zentzuen hildura –ez dela begiratzea komeni nahi izatea zilegi ez denari, esaten zuen San Gregorio Handiak24– eta penitentzia.
Hau guztia, besterik gabe, kristau bizitzaren laburpena dela esango didazue noski. Egia da garbitasuna, maitasuna denez, ezin dela gure sinesmenaren mamitik banatu, hau karitatea baita, sortu, berrerosi eta etengabe eskutik hartzen gaituen Jainkoaz maitemintze berritua, nahiz eta askotan gu oharkabean egon. Ezin gaitu utzi. Sionek esaten zuen: Jaunak utzia nauka, ene Jaunak ahaztua. Ahaztu ote dezake amak bere haurtxoa, edo bere sabeleko umeari errukia ukatu?, Ba, amak haurra ahaztuko balu ere, nik ez zaitut ahaztuko25. Ez al dizuete izugarrizko poza ematen hitz hauek?
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/186/ (2026-11-07)