183
Bihotz osoa emanda
Oroitarazi behar dizuet ez duzuela zorionik aurkituko zuen kristau betebeharretatik kanpo. Utziko bazenituzte, damu izugarria geratuko zitzaizuen bihotzean eta zoritxarrekoak izango zinatekete. Baita zoriontasun apur bat eman dezaketen gauza arruntenak ere, bidezkoak izanik, behazuna bezain mingotsak bihur daitezke, ozpina bezain garratzak, errealgarra bezain nazkagarriak.
Zuetako bakoitzak eta nik ere Jesusi esaten diogu: Jauna, ni borrokatzera erabakia nago, eta badakit Zuk ez duzula borrokarik galtzen; eta konturatzen naiz, batzuetan galtzen baditut, Zugandik urrundu naizelako dela! Eraman nazazu eskutik eta ez zaitez nitaz fida, ez askatu!
Eta zuek pentsatuko: Aita, baina hain zoriontsua naiz! Jesu Kristo maite dut! Buztinezkoa izanik ere, Jainkoa eta bere Ama txit Santuaren laguntzaz, santutasunera iritsi nahi dut! Ez dut zalantzan jartzen; bakarrik, aholku horien bidez, jakinaren gainean jarri nahi dizut badaezpada, zailtasunen bat sortzen bazaizu.
Aldi berean, berriro esan behar dizut kristauaren bizitza –zurea eta nirea– Maitasunezko bizitza dela. Gure bihotz hau, maitatzeko sortua da. Eta maitasun garbi eta jatorra ematen ez zaionean, mendeku hartuz, miseriaz betetzen da. Benetako Jainko maitasuna –beraz, bizi garbitasuna– gogorkeriatik haragikeriatik bezain urruti dago, edozein sentimentaltasunetik nahiz bihozgabekeria eta bihozgogorretik.
Penagarria da bihozgabea izatea. Zoritxarrekoak dira inoiz samurtasunez maitatzen ikasi ez dutenak. Kristauok Maitasunaz maitemindurik gaude: Jaunak ez gaitu iharrak, zurrunak nahi, materia bizigabea bezala. Bere maitasun samurraz igurtziak nahi gaitu! Jainkoagatik giza maitasun bati uko egiten diona ez da mutil edo neskazaharra, pertsona goibel, dohakabe eta adoregabe horiek bezala, garbi maitatzearen eskuzabaltasuna mespretxatu baitute.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/183/ (2026-11-07)