185

Garaitzeko bitartekoak

Ikus dezagun zer baliabide ditugun beti kristauok garbitasuna gordetzeko daramagun borroka honetan garaile ateratzeko: ez aingeruen moduan, baizik emakume eta gizon osasuntsu, sendo bezala, normalak! Bihotz-bihotzez gurtzen ditut aingeruak, debozio handi batek lotzen nau Jainkoaren gudaroste horrekin, baina ez zait gustatzen gu haiekin konparatzea, aingeruek gurea ez bezalako izaera baitute eta parekatze hori desordena litzateke.

Inguru askotan sentsualitate giroa zabaldu da eta hori, nahaste doktrinalari batuta, jende asko edozein zentzugabekeria justifikatzera darama edo, gutxienez, ohitura lizun mota guztien alde tolerantzia ezaxolagabeena azaltzera.

Ahalik eta garbiena izan behar dugu, gorputza errespetatuz, beldurrik gabe, sexua zerbait santu eta noblea baita –Jainkoaren ahalmen sortzailean parte hartzea–, ezkontzarako egina. Eta horrela, garbi eta beldurrik gabe, zuen jardueraren bidez, garbitasun santuaren posibilitatearen eta edertasunaren testigantza emango duzue.

Lehenik, gure kontzientzia fintzen ahaleginduko gara, beharrezkoa dena sakonduz, heziera on bat lortu dugula ziur egon arte, kontzientzia fina –Jainkoaren benetako grazia– eta kontzientzia arduratsua ongi bereiziz, azken hau desberdina baita.

Zaindu ezazue kontuz garbitasuna eta haren inguruko beste bertuteak ere –eratasuna eta lotsa–, haren babesa bezala baitira. Ez pasa arinki arau hauen gainetik, oso eraginkorrak dira Jainkoaren begiradaren duin izateko: zentzuak eta bihotza arretaz zaintzea; abaguneetatik ihes egiteko ausardia –koldar izateko ausardia– ; Sakramentuak maiz hartzea, Aitortza bereziki; egiazaletasun osoa gogo zuzendaritzan; mina, maitasun damua, hutsegiteen ondoko ordaina. Eta dena Ama Birjinarenganako jaiera xamurraz gantzutua, Hark bizitza santu eta garbiaren dohaina lor diezagun Jainkoarengandik.

Puntu hau beste hizkuntza batean