181

Begira, haragiaren grinak ustelduta dagoenak ezin du gogo bizitzan pauso bat eman, ez da egintza on bat burutzeko gauza, trapu zahar bat bezala lurrean botata dagoen elbarri bat da. Ez al dituzue ikusi paralisi progresiboa duten gaixo horiek, beren kabuz moldatzen ez direnak, ezta zutik jarri ere? Batzuetan, burua ere ez dute mugitzen. Hori gertatzen zaie naturaz gaindikoan umilak ez izan eta koldarkeriaz lizunkerian erori direnei. Ez dute ikusten, ez entzuten, ezta ezer ulertzen ere. Elbarriturik daude, zoratuta bezala. Gutako bakoitzak Jaunari eta Jainkoaren Amari egin behar die otoitz, umiltasuna eta Aitortzaren erremedio jainkotiarra jaieraz hartzeko erabakia eman diezagula eskatuz. Ez utzi zuen arimaren barruan ustelkeriaren gune bat koka dadin, oso txikia bada ere. Hitz egizue. Ura, darionean, garbia da; gelditzen denean, zikinkeria nazkagarriz betetako putzu bat sortzen du, eta edateko ona izatetik zomorro salda bihurtzen da.

Nik bezain ongi dakizue kastitatea bizi litekeela eta alaitasun iturri dela. Badakizue ere behin edo behin borroka pixka bat eskatzen duela. Entzun diiezaiogun berriro San Paulori: neure barruan atsegin zait Jainkoaren legea; baina neure gorputzean beste lege bat ikusten dut, nire adimenaren legeari borroka egiten diona, eta niregan ari den bekatuaren lege horrek preso hartua nauka. Ene zoritxarra! Nork askatuko nau heriotzara naraman nire izaera honetatik?17 Oihu egin ezazu zuk gehiago, behar baduzu, baina ez handitu gauzak: sufficit tibi gratia mea18, nahikoa duzu nire grazia, erantzuten digu Jaunak.

Oharrak
17

Erm VII, 22-24.

18

2 Ko XII, 9.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean