175
Badakizue ongi Jesu Kristo gure eredua dela, kristau guztiona, maiz entzun eta hausnartu baituzue. Gainera, hainbeste arimari erakutsi diozue, dagoeneko zuen izaeraren parte den apostolutza horren bidez –jainkozko zentzuz betetako giza harremanak–; eta, anaiarteko zentzarazpen zoragarri horretaz baliatuz, gogoratu duzue ere komeni zenean, zuen entzuleak bere jarduera konpara zezan gure Anai lehensemearen jokaerarekin, Jainkoaren Ama eta gure Ama Mariaren Semearenarekin.
Jesus da eredua. Berak esana da: discite a me1, ikasi Nigandik. Eta gaur, bertute batez hitz egin nahi dizuet; bakarra eta lehenengoa ez izanda ere, ustelkeriatik babesten duen gatza bezala dihardu kristau bizitzan eta apostolu arimarentzat froga harria izan ohi da: garbitasun santuaren bertutea.
Egia esan, karitate teologala bertuterik gorena bezala azaltzen zaigu; baina kastitatea sine qua non baldintza da, Jainkoarekin hizketaldi kutuna lortzeko ezinbesteko bidea; eta gordetzen ez denean, ez bada borroka egiten, azkenean itsu amaitzen da: ez da ezer ikusten, espiritu gabeko gizakiak ez baitu ulertzen Jainkoaren Espirituari dagokiona2.
Begi garbiekin begiratu nahi dugu guk, Maisuaren hitz hauek adore ematen baitigute: zorionekoak bihotz garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa3. Elizak garbitasunerako gonbidapen gisa aurkeztu izan ditu beti hitz hauek. Bihotz osasuntsua gordetzen dute, idazten du San Joan Krisostomok, kontzientzia guztiz garbia dutenek edo kastitatea maite dutenek. Jainkoa ikusteko, hau bezain beharrezkoa den bertuterik ez dago4.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/175/ (2026-11-07)