177
Hau nahi du Jainkoak zuengandik: bizitza santua… zentzu santuz eta itzal handiz erabil dezala bakoitzak bere gorputza, ez grinaren bero gehiegiaz, Jainkoaren ezaguerarik ez duten jentilek bezala12. Guztiz Jainkoarenak gara, gorputz eta arima, hezur eta haragi, zentzu eta ahalmen. Eska iezaiozue konfiantzaz: Jesus, gorde ezazu gure bihotza!, bihotz handi, sendo, xamur, maitekor eta fina, Zuganako maitasunez betea, arima guztiak zerbitzatzeko.
Gure gorputza santua da, Jainkoaren tenplu, dio San Paulok zehazki. Apostoluaren oihu honek gogora dakarkit Maisuak gizaki guztiei zuzentzen dien santutasunerako deia: estote vos perfecti sicut et Pater vester cælestis perfectus est13. Guztiei, inolako bereizkeriarik gabe, eskatzen die Jaunak graziari erantzutea; bakoitzari, bere egoeraren arabera, Jainko seme-alaben berezko bertuteak praktikatzea eskatzen dio.
Horregatik, orain, kristauak garbitasun osoz bizi behar duela zuei gogoratzean, denak ditut gogoan: ezkongabeak, zeinek kontinentzia osoa gorde behar duten, eta ezkonduak, garbitasunez bizi direnak bere bizi egoeraren eginbeharrak betez.
Jainkoaren espirituaz beterik, garbitasuna ez da zama gogaikarri eta umiliagarria. Baieztapen pozgarria da: nahi izatea, nagusitasuna, garaipena ez du haragiak ematen, ez dator instintutik ere; nahi izatetik dator, batez ere Jainkoaren borondateari lotuta badago. Garbiak izateko –ez neurritsu edo zuzenak bakarrik–, grinak adimenaren mende jarri behar ditugu, baina arrazoi bikain batengatik, Maitasunaren eraginez.
Hegal batzuekin konparatu izan dut bertute hau; Jainkoaren aginduak eta ikasbidea lurreko giro guztietan zabaltzen uzten digutenak, lohituta gelditzeko beldurrik gabe. Hegalak –hodeiak iristen ez diren lekura altxatzen diren hegazti paregabeko horienak ere– pisuak dira, oso pisuak. Baina faltako balira, ez legoke hegan egiterik. Graba ezazue buruan, garbitasuna ezin eramanezko zama bezala azaltzen duen tentaldiaren atzaparkada sentitzen baduzue, amore ez ematera erabakiak egoteko: aupa!, gora bihotza!, eguzkiraino, Maitasunaren ehizan.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/177/ (2026-11-05)