188

Nola gaindituko ditugu zikoizkeria horiek? Berriro diot, garrantzitsua baita: umiltasunez, eta gogo zuzendaritzan eta Aitortzako Sakramentuan zintzo izanez. Zoazte bihotza zabalik zuen arimak zuzentzen dutenengana; ez itxi, deabru mutua sartzen bada, zaila izaten baita ateratzea.

Barkatu tematsu banaiz, baina ezinbestekotzat daukat zuen adimenetan suaz grabatzea, umiltasunak –eta bere ondorioa den egiazaletasunak– beste bitartekoak elkartzen dituztela eta garaipenaren eragingarritasuna oinarritzen duten zerbait bezala agertzen direla. Deabru mutua arima batean sartuz gero, dena galtzen du; berehala kanpora botatzen bada, ordea, dena ongi ateratzen da, zoriontsuak gara, gure bizitza zuzen doa: izan gaitezen beti egiazale basatiak, baina zuhurtasunez heziak.

Garbi utzi nahi nuke hau: bihotzak eta haragiak ez naute kezkatzen harrokeriak adina. Izan apalak. Arrazoi guztia daukazuela uste duzuenean, ez duzue batere arrazoirik. Joan gogo zuzendaritzara arima zabalik. Ez itxi, deabru mutua –berriz ere diot– sartzen baita eta ez da erraza ateratzen.

Oroit zaitezte deabruak hartutako gizagaixo hartaz, ikasleak askatzerik lortu ez zutena; Jaunak bakarrik lortu zuen haren askatasuna, otoitza eta barauaren bitartez. Kasu hartan Maisuak hiru mirari egin zituen: lehenengoa, entzun zezala: deabru mutuak menderatzen gaituenean arimak ez baitu entzun nahi izaten; bigarrena, hitz egitea; eta hirugarrena deabruak alde egin zezala.

Puntu hau beste hizkuntza batean