182
Momentu batzuetan ikusi izan dut nola distiratzen zuten kirolari baten begiek gainditu behar zituen oztopoen aurrean. Hau garaipena! Ikusi nola menderatzen dituen oztopo horiek! Horrela begiratzen digu Jainko gure Jaunak, gure borroka atsegin baitzaio: beti garaile izango gara, inoiz ez baitigu ukatzen bere graziaren ahalguztiduntasuna. Eta ez dio axola orduan borroka izaten bada, Berak ez gaituelako uzten.
Borroka da, ez etsipena, ordea; baieztapen pozgarri batekin erantzuten dugu, eskaintza aske eta alai batekin. Zure jokaera ez da erorketa saihestera mugatu behar. Ez da inola ere ukapen hotz edo matematiko batera murriztu behar. Jabetu al zara kastitatea, bertute denez, hazi eta hobetu egin behar dela? Ez da aski, berriz ere diotsuet, neurritsu izatea, bakoitza bere bizi egoeran: garbi bizi behar dugu, bertutea heroitasunez biziz. Jarrera horrek ekintza positibo bat dakar berekin, zeinen bitartez Jainkoaren eskakizuna gogo onez onartzen dugun: præbe, fili mi, cor tuum mihi et oculi tui vias meas custodiant19, emadazu, seme, zure bihotza eta luzatu zure begirada nire bake-eremuetan.
Eta orain galdetzen dizut: nola egiten diozu aurre borroka honi? Badakizu irabazia duzula borroka, hasieratik mantentzen baduzu. Aldendu zaitez berehala arriskutik, grinaren lehen txinpartak ohartzean, baita aldez aurretik ere. Hitz egin ezazu gainera berehala zure arimaren zuzendariarekin; hobe lehenago, ahal bada, zeren bihotza zeharo zabaltzen baduzue, inoiz ez baitzarete gaindituak irtengo. Batak bestearen ondoren, egintzek ohitura osatzen dute, joera, erraztasuna. Horregatik egin behar da borroka bertutearen ohitura lortzeko, hildurarena, Maitasunik ederrenari ez uko egitearren.
Hausnar ezazue San Pauloren aholkua Timoteori: te ipsum castum custodi20, beti zelatan egon gaitezen, Jainkoak eman digun altxor hori gordetzera erabakiak. Nire bizitzan zehar, zenbaiti entzun izan diet esaten: ai, hasieran hautsi izan banu! Eta nahigabez eta lotsez beterik zioten.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/182/ (2026-11-07)