189
Konta ezazue lehenbizi jakin ez zedin nahi zenuketena. Behera deabru mutua! Gauza txiki bat, bueltaka, bola handi bat bihurtzen duzue, elurrarekin bezala, eta haren barruan sartzen zarete. Zergatik? Ireki ezazue arima! Zoriona, hots, kristau bideari zintzo izatea, ziurtatzen dizuet egiazaleak bazarete. Argitasuna, sinpletasuna: behar-beharrezko jarrerak dira; arima zabal-zabal ireki behar dugu, Jainkoaren eguzkia eta Maitasunaren argitasuna sar daitezen.
Egiazaletasun osotik aldentzeko ez da behar izaten beti arrazoi lausoren bat, nahikoa izaten da batzuetan kontzientziaren oker bat. Pertsona batzuk hain modu berezian hezi dute –deformatu– beren kontzientzia, non mutukeria, sinpletasunik eza, zuzentzat hartzen duten: isiltzea ona dela uste dute. Baita prestakuntza ona jaso eta Jainkoaren gauzak ezagutzen dituzten arima askorekin ere horixe bera gertatzen da; agian horregatik arrazoiak aurkitzen dituzte isiltzea komeni dela uste izateko. Baina engainatuta daude daude. Egiazaletasuna beharrezkoa da beti; ez dago aitzakiarik, onak badirudite ere.
Solasaldi hau amaitzen dugu, zuk eta nik Gure Aitari egin diogun otoitz aldi hau, garbitasuna, bozkariozko baietza den kristau bertute hori, bizitzeko grazia eman diezagula eskatuz.
Sortzez garbia den Ama Mariaren bitartez eskatzen diogu. Berarengana goaz –tota pulchra!- orain urte asko eguneroko borrokan apal, garbi, egiazale, alai, eskuzabal izateko urduri zeudenei ematen nien aholku honen bidez: Zure bizitzako bekatu guztiak zutik jartzen direla dirudi. Ez mesfidatu. Aldiz, dei egiozu zure Ama Santa Mariari, haurrek ohi duten sinesmen eta uste osoz. Berak ekarriko dio sosegua zure arimari27.
Consideraciones espirituales, Cuenca 1934, 53 orr.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/189/ (2026-11-07)