179

Zenbaitek, hor nonbait, kastitateaz hitz egiten entzuten dute eta irribarre egiten dute. Alaitasunik gabeko barrea –muzina– da, hila, buru bihurrituena: gehienek –esaten dute behin eta berriz– ez dute horretan sinesten! Nik, Madrilgo aldirietako auzo eta ospitaletara laguntzen zidaten mutil gazteei –hainbeste eta hainbeste urte igaro dira– hauxe esaten nien: kontuan har ezazue badagoela erreinu mineral bat; beste bat dela landare erreinua –bikainagoa–, non izateari bizitza erantsi zaion; eta gero animalien erreinua dator, sentsibilitatea eta mugimendua duten izakiez osatua ia beti.

Azaltzen nien, agian ez modu oso akademikoan, baina grafikoki, beste erreinu bat ezarri behar genukeela, hominala, gizakien erreinua: sorkari arrazoidunak adimen miresgarria baitu, jainkozko Jakinduriaren txinparta, bere kabuz arrazoitzen uzten diona; eta askatasun bikain hori, gauza bat edo bestea onartzen edo arbuiatzen uzten diona, bere aukeramenera.

Izan ere, gizakien erreinu honetan –esaten nien, nire apaiz lan oparotik zetorren esperientziarekin– sexuaren gaiak laugarren edo bosgarren lekua hartzen du pertsona normal batengan. Lehenik, gogo bizitzaren nahiak daude, bakoitzarenak; berehala gizon edo emakume arruntari interesatzen zaizkion gai asko: aita, ama, etxea, seme-alabak. Gero, bere lanbidea. Eta han, laugarren edo bosgarren lekuan azaltzen da sexu irrika.

Horregatik, puntu hau bere hizketa eta interesen gai nagusia bihurtzen zuen jendea ezagutu dudanean, anormalak direla pentsatu dut, gizajoak, gaixoak agian. Eta gaineratzen nuen –horrekin bazegoen barre eta txantxa une bat zuzentzen nintzaien mutilen artean–, dohakabe horiek mutiko itxuragabe buruhandiek sortzen didaten erruki bera sortzen didatela –metro bateko perimetroko burua dutenek–. Gizabanako dohakabeak dira, eta guri –beren alde otoitz eginez gain– anaiarteko gupida sortzen zaigu, gaixotasun triste horretatik senda daitezela nahi baitugu; dena dela, ez dute apur bat gehiago gizon edo emakume sexuarekin obsesionatuta ez daudenak baino.

Puntu hau beste hizkuntza batean