195

Bartimeoren sinesmena

Oraingoan San Markok kontatzen digu beste itsu baten sendaketa. Jerikotik bere ikasleekin irteterakoan, jendetza handiaz jarraituta, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean zegoen bide ertzean eserita10. Jendetzaren zurrumurru handi hura entzutean, itsuak galdetu zuen: zer gertatzen da? Erantzun zioten: Jesus Nazaretarra. Eta orduan arima Kristorenganako fedean hainbeste piztu zitzaion, non oihu egin baitzuen: Jesus, Dabiden Semea, erruki zakizkit11.

Ez al zaizu zuri ere, bide ertzean geldi zauden horri –hain laburra den bizitzaren bidean– oihu egiteko gogorik sartzen ere?; zuri, argia falta zaizun horri; zuri, santutasuna bilatzera erabakitzeko grazia ugariago behar duzun horri? Ez al duzu oihu egiteko premia sentitzen: Jesus, Dabiden Semea, erruki zakizkit! Bai jakulatoria ederra, maiz esateko!

Mirariaren aurreko uneak astiro gogar ditzazuela gomendatzen dizuet, ideia argi bat ongi finkatuta gorde dezazuen zuen adimenean: zein ezberdinak diren Jesusen Bihotz errukiorrarengandik gure bihotz gaixoak! Beti baliagarria izango zaizue, frogaren, tentaldiaren orduan batez ere, eta baita ere eginkizun txiki eta momentu heroikoetan eskuzabaltasunez erantzuteko orduan.

Bazeuden han asko gogor egiten ziotenak isilarazteko12. Zuri bezala, Jesus zure ondotik pasatzen zela susmatu duzunean. Zure bularrean taupadak bizkortu ziren, eta oihuka hasi zinen ere, barne-egonezin batek eraginda. Eta lagunek, ohiturek, erosotasunak, giroak, denek aholkatu zizuten: Egon isilik, ez ari oihuka! Zergatik deitu behar diozu Jesusi? Ez molestatu!

Baina Bartimeo gaixoak ez zien entzuten eta are indar biziagoz jarraitzen zuen: Dabiden Semea, erruki zakizkit. Jaunak, hasieratik entzun arren, otoitzean irauten utzi zion. Zuri bezala. Jesusek gure arimaren lehenengo deia entzuten du, baina itxaroten du. Bera behar dugula ongi jabetuta egon gaitezen nahi du; erregutu diezaiogun, egoskor izan gaitezen, Jerikotik sortzen den bidearen ondoan zegoen itsu hura bezala. Haren antzera egin dezagun. Jainkoak eskatzen dioguna berehala ematen ez badigu ere, askok otoitz egitetik aldendu nahi bagaituzte ere, ez dezagun erregutzea alde batera utzi13.

Oharrak
10

Mk X, 46.

11

Mk X, 47.

12

Mk X, 48.

13

S.J. Krisostomo, In Matthaeum homiliae, LXVI, I (PG 58, 626)

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean