199
Fedea eta umiltasuna
Orain San Mateok kontatzen digu gertaera hunkigarri hau: Orduan, hamabi urte inguruan odoljarioz zegoen emakume bat atzetik hurbildu zitzaion Jesusi eta soineko ertza ukitu zion19. Haren umiltasuna! Honela baitzioen berekiko: Jantzia ukitzen badiot, besterik gabe sendatuko naiz20. Inoiz ez dira falta, Bartimeo bezalako gaixoak, fede handiz erregutzen dutenak, garrasika aitortzeko lotsarik gabe. Baina ikusi nola, Jesusen bidean, ez dauden bi arima berdin. Handia da emakume honen fedea ere, baina ez du oihu egiten: inor ohartu gabe hurbiltzen da. Aski zaio Jesusen soinekoa pixka bat ukitzea, ziur baitago sendatua izango dela. Ukitu orduko, Jauna itzultzen da eta begiratzen dio. Badaki dagoeneko zer gertatzen den bihotz haren barruan; haren ziurtasunaz ohartu da: Izan bihotz, ene alaba!, zure sinesmenak sendatu zaitu21.
“Kaparen ertza leunki ukitu zuen, sinesmenez hurbildu zen, sinetsi zuen eta sendatua izan zela ohartu zen… Guk ere, salbatuak izan nahi badugu, uki dezagun sinesmenez Kristoren soinekoa”22. Ohartzen al zara nolakoa izan behar den gure sinesmena? Apala. Nor zara zu, eta nor ni, Kristoren dei hau merezi izateko? Nor gara gu, Harengandik hain hurbil egoteko? Emakume gaixo hari jendartean bezala, aukera eskaini digu guri. Eta ez soinekoaren puskatxo bat, edo une batez bere kaparen ertza, orla, ukitzeko. Bera daukagu. Erabat ematen zaigu, bere Gorputz, bere Odol, bere Arima eta bere Jainkotasunarekin. Egunero jaten dugu, Berarekin maiteki hitz egiten, aitarekin hitz egiten den bezala, Maitasunarekin ohi den bezala. Eta hau egia da. Ez dira irudipenak.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/199/ (2026-11-07)