196

Jesusek gelditu eta hari dei egiteko agindu zuen. Eta bere inguruan zeuden onenetako batzuk, itsuari esaten diote: Izan bihotz! Jaiki, deika ari zaik14. Kristau bokazioa da! Baina Jainkoaren deia ez da bat bakarra. Kontuan izan Jainkoa une bakoitzean dabilela gure bila: altxa zaitez –esaten digu–, utzi alde batera zure nagikeria, zure erosokeria, zure burukoikeria txikiak, garrantzirik gabeko arazoak. Askatu lurretik, zapalik baitzaude hor, motz, itxuragabe. Lor ezazu altuera, pisua eta bolumena, eta naturaz gaindiko ikuspegia.

Gizon hura, bere kapa jaurtikiz, salto batean zutitu eta Jesusengana joan zen15. Kapa jaurtikiz! Ez dakit zu gerran egon zaren. Duela urte asko, behin gudu zelai batean egoteko aukera izan nuen, borroka bukatu eta ordu batzuetara. Eta hantxe, lurrean zehar bertan behera utzita, bazeuden mantak, kantinplorak eta familiako oroitzapenez betetako zakutoak: pertsona maitatuen gutunak, argazkiak… Ez ziren, ez, garaituenak, garaileenak baizik! Hura, gauza haiek guztiak, sobra zitzaien arinago ibiltzeko eta etsaiaren parapetoaren gainetik salto egiteko. Bartimeori bezala, Kristoren atzetik lasterka joateko.

Ez ahaztu, Kristorengana iristeko, sakrifizioa beharrezkoa dela: traba egiten duen guztia bota egin behar da: manta, zakutoa, kantinplora. Berdin jokatu behar duzu zuk Jainkoaren aintzaren aldeko gatazka honetan, Kristoren erregetza zabaltzeko saiatzen ari garen maitasun eta bake borroka honetan. Eliza, Aita Santua eta arimak zerbitzatzeagatik, sobraz duzun guztia uzteko prest egon behar duzu: gau gordinetan berokia den manta hori gabe gelditzea; familiaren oroitzapen maite horiek gabe; uraren atsegingarririk gabe. Sinesmen ikasbidea, maitasun ikasbidea. Horrela maitatu behar baitugu Kristo.

Oharrak
14

Mk X, 49.

15

Mk X, 50.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean