198
Egin otoitz Jaunari nirekin batera: doce me facere voluntatem tuam, quia Deus meus es tu17, zure Borondatea betetzen erakuts iezadazu, nire Jainkoa zara eta. Hots, sor dadila gure ahotik gure Sortzailearen deiei erantzuna emateko egiazko irrika, eraginez beteriko gogoa, fede apurtezinez haren asmoak jarraitzen saiatuz, bai baitakigu Berak ezin duela huts egin.
Jainkoaren Borondatea horrela maitatuz gero, ongi ulertuko dugu fedearen balioa ez dagoela bakarrik azaltzen den argitasunean, bazik eta eginen bidez defendatzeko daukagun asmo sendoan: eta horren arabera jokatuko dugu.
Baina itzul gaitezen Jeriko hiriaren irteeran gertatzen ari denari. Orain zuri mintzatzen ari zaizu Jesus. Horrela esaten dizu: zer nahi duzu Nigandik? Ikus dezadala, Jauna, ikus dezadala! Eta Jesusek: Zoaz, zure sinesmenak sendatu zaitu. Une berean ikusmena etorri zitzaion eta Jesusen ondoren zihoan bidean18. Berari bidean jarraitu. Zuk ezagutu duzu Jaunak zer proposatzen zizun eta Berari bidean jarraitzea erabaki duzu. Zu haren oinatzen gainetik ibiltzen saiatzen zara, Kristoren soinekoz janzten, Kristo bera izaten: ba, zure fedea Jaunak ematen ari zaizun argi horretan, eraginkorra izan behar da eta sakrifikatua. Ez ilusiorik egin, ez pentsa modu berriak aurkitzerik. Horrelakoa da Berak eskatzen digun fedea: bere erritmoan ibili behar dugu, eskuzabaltasunez betetako obrekin, traba egiten duena sustraitik erauzten eta askatzen.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/198/ (2026-11-07)