200

Saia gaitezen gure umiltasuna handitzen. Fede apal batek bakarrik uzten baitu naturaz gaindiko ikuspegiz begiratzea. Eta ez dago beste aukerarik. Bi moduz bakarrik bizi daiteke munduan: edo naturaz gaindiko bizitzaz bizitzen da, edo animalien bizitzaz. Eta zuk eta nik ezin dugu Jainkoaren bizitza besterik bizi, naturaz gaindiko bizitza. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere arima galtzen badu?23 Zertarako balio dio gizakiari munduan dagoen guztia, adimenaren eta nahimenaren gurari guztiak? Zer balio du horrek, dena amaitzen bada, dena suntsitzen bada, antzerkiko banbalinak baizik ez badira mundu honetako ondasun guztiak; gero betikotasuna bada betirako, betirako, betirako?

Adizlagun honek –beti– handi bihurtu du Teresa Jesusena. Bera, –haurra zen– Adaxako atetik irteten zela, bere herriko harresiak zeharkatuz Rodrigo bere anaiarekin mairuen lurretara joateko, Kristogatik burua moztu ziezaien, honela xuxurlatzen zion belarrira anaiari, hau nekatzen baitzen: betirako, betirako, betirako24.

Gezur diote gizakiek, betirako diotenean aldi baterako gauzetan. Jainkoari begira bakarrik da egia, guztiz egia, betirako hori; eta horrela bizi behar duzu zuk, ezti zaporeak, zeru gozotasunak sentiarazten lagundu behar dizun sinesmenez, benetan betirakoa den betikotasunean pentsatzen duzunean.

Oharrak
23

Mt XVI, 26.

24

Ik. Libro de la vida 1, 6.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean