101

Harrokeriaz hitz egiten entzuten dugu eta, agian, jarduera menperatzaile bat datorkigu burura: deiadar handi, zaratatsuak, garailea goretsiz, hura, Erromako enperadoreen antzera, arku altuen azpitik pasatzen den bitartean, burua makurtzeko keinua eginez, bere kopeta aintzatsuak marmol zuria ukituko ote duen beldur.

Errealistak izan gaitezen: halako harrokeria imajinazio zoro batean bakarrik sartzen da. Beste forma leunagoen, ohikoagoen aurka borrokatu behar dugu: gure bikaintasuna lagun hurkoarena baino gehiago nahi izatearen harrokeria; handikeria solasaldietan, gogapenetan eta keinuetan; minberatasun ia gaixotia, inolaz ere iraintzen ez duten hitz edo egiteen aurrean minduta sentitzen dena.

Hau guztia izan daiteke –izaten da–, ohiko tentaldia. Gizakiak bere ingurukoen eguzki eta erdigunetzat hartzen du bere burua. Gauza guztiak bere inguruan jira egin behar dute. Eta ez gutxitan, bere irrika gaixotiak bultzatuta, oinaze, tristura eta ondoezaren itxurak egiteraino iristen da: besteek zaindu eta mima dezaten.

Jende askoren barne-bizitzan azaltzen diren gatazka gehienak irudimenak sortzen ditu: esan dutela, ez ote duten pentsatuko, aintzat hartzen nauten… Eta arima gaixo horrek, bere buruiritzi negargarri hori dela medio, egiazkoak ez diren susmoengatik sufritzen du. Zoritxarreko abentura horretan, etengabekoa da bere mingostasuna eta besteengan desosegua sortzen saiatzen da: ez baitaki umila izaten, ez duelako bere buruaz ahazten ikasi, Jainkoaren maitasunez, eskuzabal, besteen zerbitzuan eskaintzeko.

Puntu hau beste hizkuntza batean