103
Bere Nekaldiaren garaia hurbiltzen denean, eta Jesusek bere erregetza modu argi batean erakutsi nahi duenean, garaile sartzen da Jerusalemen, astakume baten gainean jarrita! Idatzita zegoen Mesias umiltasunezko errege bat izango zela: esaiozue Siongo alabari: Horra non datorkizun zure Erregea, otzan-otzan, astama baten gainean eta uztarpeko aberearen ume-gainean eserita19.
Orain, Azken Afarian, dena prestatu du Kristok bere ikasleei agur esateko, haiek, milagarren aldiz eztabaidan hasi diren bitartean, multzo berezi horren barruan handiena nor izango den. Jesus mahaitik jaiki, soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen. Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zen eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen20.
Berriz ere, jarraibide emanez predikatu du, egiteen bidez. Harrokeriaren eta handikeriaren arrazoiengatik eztabaidan ari ziren ikasleen aurrean, Jesus makurtu eta pozez morroi lanbidea betetzen du. Gero, mahaira itzulita, esaten die: Ulertzen duzue egin dizuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen didazue, eta arrazoi duzue, halaxe bainaiz. Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri21. Hunkituta uzten nau ni Kristoren fintasun honek. Ez baitu esaten: ni honetaz arduratzen banaiz, zenbat gehiago egin beharko zenukete zuek? Maila berean ipintzen da, ez du behartzen: maitekiro astintzen du gizon haien eskuzabaltasunik eza.
Lehen hamabiei bezala, guri ere Jaunak adieraz diezaguke eta beti adierazten ari zaigu: exemplum dedi vobis22, umiltasun ikasbidea eman dizuet. Morroi bihurtu naiz, zuek, bihotz otzan eta apalez, gizaki guztiak zerbitzatzen jakin dezazuen.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/103/ (2026-11-07)