94
Pasio astearteko Mezaren testuak gogoratuko ditugu momentu batez, jainkotze ona jainkotze txarretik bereizten jakin dezagun. Umiltasunaz hitz egingo dugu, hauxe baita gure ezereza eta, aldi berean, gure handitasuna ezagutzen laguntzen digun bertutea.
Gure miseria gehiegi nabarmentzen da. Ez naiz berezko mugez ari orain: gizakiak amesten dituen hainbeste amets-asmo handiez, inoiz burutuko ez dituenak, denbora faltagatik besterik ez bada ere. Gaizki egiten ditugun gauzetan pentsatzen ari naiz, erorialdietan, saihets daitezkeelarik saihesten ez diren okerretan. Behin eta berriz ohartzen gara geure eraginkortasun ezaz. Baina, batzuetan, gauza hauek guztiak batera azaltzen zaizkigula dirudi, nabarmenago agertuko balitzaizkigu bezala, ezer gutxi garela ohar gaitezen. Zer egin orduan?
Expecta Dominum1, itxaron Jaunagan; itxaropenez bizi, iradokitzen digu Elizak, maitasunez eta sinesmenez. Viriliter age2, gizonezkoen modura jardun zaitez. Zer axola dio lohizko sorkari izateak, itxaropena Jainkoarengan jarrita badugu? Eta arimak noizbait erorialdiren bat izaten badu, atzerakada bat –ez da ezinbestez gertatu behar–, erremedioa jartzen zaio, gorputzaren osasunarekin egiten den bezala, eta, berriro hasten gara!
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/94/ (2026-11-07)