102
Astakume bat tronutzat
Joan gaitezen berriz Ebanjeliora. Ikus dezagun geure burua gure eredu den Kristo Jesusengan.
Santiagok eta Joanek, beren amaren bitartez, Kristori eskatu diote haren ezker eta eskuinean jartzea. Beste ikasleak haiekin haserretzen dira. Eta zer erantzuten du Jaunak?: Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari. Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztien morroi. Zeren Gizonaren Semea ere ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatea baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematea17.
Beste batean, Kafarnaumera zihoazela, Jesus, agian –beste egun batzuetan bezala–, haien aurretik zihoan. Eta etxean zeudela, Jesusek galdetu zien: zer eztabaida izan duzue bidean? Baina haiek hitzik ez; beren artean handiena nor ote zen eztabaidatu baitzuten –behin gehiago– bidean. Eseri zen Jesus eta, hamabiei dei eginik, esan zien: Inork lehena izan nahi badu, izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria. Eta gero, haur bat hartu eta haien erdian jarri zuen, eta hura besarkaturik, esan zien: honelako haurra nire izenean hartzen duenak neu hartzen nau; eta ni hartzen nauenak, ez nau ni hartzen, bidali nauena baizik18.
Ez al zaituzte maitemintzen Jesusen jokaera honek? Ikasbidea erakusten die, eta ongi uler dezaten, adibide bizi bat jartzen die. Haur bati deitzen dio, etxe hartan korrika ibiliko zen haietako bati, eta bere bularraren kontra estutzen du. Jaunaren isiltasun esanguratsua! Dena esan du; Berak haurrak bezalakoak egiten direnak maite ditu. Gero, xalotasun honen, arimaren umiltasun honen ondorioa Bera besarkatu ahal izatea dela eransten du, eta zeruetan dagoen bere Aita.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/102/ (2026-11-07)