108
Ez zaitezte batere fidatu umiltasun bertutea giza uzkurtasun bezala edo bizi guztirako goibeltasunera lotuta egotea bezala aurkezten dutenez. Buztin garela jakiteak, grapekin konponduta, beti da alaitasun iturri, Jainkoaren aurrean ezer gutxi garela aitortzea esan nahi du: haur, seme-alaba. Eta, ba al dago poz handiagorik, ezereza eta ahula izanik, Jainko seme dela dakienarena baino? Zergatik tristatzen gara gizakiok? Lurreko bizitza guk espero genuen moduan garatzen ez delako, guk nahi genituen gauzak bete daitezela galarazten edo trabak jartzen dituzten oztopoak sortzen direlako.
Ez da horrelakorik gertatzen arima naturaz gaindiko Jainko seme-alabatasunean bizi bada. Jainkoa gure alde baldin badugu, nor gure aurka?33 Egon daitezela goibel Jainkoaren seme-alaba direla aitortu nahi ez dutenak, esan ohi dut behin eta berriz aspaldidanik.
Amaitzeko, bi eskaera aurkitzen ditugu gaurko liturgian gure aho-bihotzetik gezi moduan atera behar direnak: Eman iezaguzu, Jaun Ahalguztidun, jainkozko misterioak eginez beti, hurbildu ahal gaitezen zeruko dohainak merezi izatera34. Eta, eskatzen dizugu, Jauna, zure nahiaren arabera beti zure zerbitzari izatea eman diezaguzula35. Zerbitzari izatea, semeok, zerbitzari izatea, horixe da guri dagokiguna; denon morroi izan, gure egunetan kristau fededunak merezimendutan eta kopuruan ugal daitezen36.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/108/ (2026-11-07)