95
Ez al duzue erreparatu familietan, balio handiko apaingarri hauskorren bat gordetzen dutenean –loreontzi eder bat, adibidez–, nola zaintzen duten puskatu ez dadin? Harik eta egun batean, haurrak, jolasean, lurrera bota eta oroigarri polit hori hainbat pusketan hausten den arte. Handia izaten da nahigabea, baina berehala konpontzen da; zatiak berriz osatu, kontu handiz itsatsi eta zaharberritu ondoren, azkenean lehen bezain ederra gelditzen da.
Baina hautsi dena lozaz edo buztin erreaz egina bada, gehienetan nahikoa izaten dira grapa batzuk, zatiak batuta mantentzen dituzten burdinazko edo beste metal bateko alanbre horiek. Eta ontziak, horrela konponduta, itxura jator liluragarria hartzen du.
Eraman dezagun hau barne-bizitzara. Gure miserien eta bekatuen aurrean, gure okerren aurrean –Jainkoaren graziari esker, garrantzi gutxikoak badira ere– joan gaitezen otoitzera eta esan diezaiogun gure Aitari: Jauna!, nire pobretasunean eta nire hauskortasunean, ontzi urratutako nire buztin honetan, jar iezazkidazu, Jauna, grapa batzuk eta –nire damua eta zure barkamena direla medio– lehen baino sendoagoa eta politagoa izango naiz! Otoitz kontsolagarria benetan, gure buztin kaskar hau apurtzen zaigunean errepikatzeko.
Ez gaitezela harritu arbuiagarriak bagara, ez gaitzala txundituta utzi gure portaera ezer gutxigatik hausten dela egiaztatzeak; izan konfiantza Jaunagan, laguntza beti prest izaten baitu: Jauna dut argi eta salbamen: nork ni beldurtu?3 Inork: Zeruko gure Aita horrela tratatuz, ez dezagun inoren ez ezeren beldurrik izan.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/95/ (2026-11-07)