105

Gaurko Epistola irakurtzean, lehoi goseti haien artean sartuta ikusten nuen Daniel, eta ezkor izan gabe –ezin dut esan joandako edozein denbora hobea izan denik, garai guztiak onak eta txarrak izan baitira–, pentsatzen nuen gaurko garaian ere badabilela lehoi ugari libre, eta gu giro horretan bizi behar dugula. Nor irentsi bila dabiltzan lehoiak: tanquam leo rugiens circuit quærens quem devoret25.

Nola saihestuko ditugu basapizti horiek? Agian ez zaigu Danieli bezala gertatuko. Ez naiz ni leku guztietan mirariak ikusten dituen horietako bat, baina Jainkoaren handitasun hori maite dut, eta uste dut errazago izango litzaiokeela profetaren gosea baretzea, edo haren aurrean janariren bat jartzea; ez zuen hala egin, ordea. Judeatik beste profeta bat, Habakuk, era miraritsuaz lekuz aldatu zedila erabaki zuen, berari janaria eramatera. Ez zitzaion axola izan mirari handi bat egitea, ez baitzegoen Daniel putzu hartan edozein arrazoiengatik, baizik eta deabruaren jarraitzaileen zuzengabekeriagatik, Jainkoaren zerbitzari eta idoloen suntsitzaile izateagatik.

Gu, mirari ikusgarririk gabe, ohiko kristau bizitzaren bidez, bakea eta poza eraikiz, idolo asko suntsitu behar ditugu ere: ulertezinarena, zuzengabekeriarena, ezjakintasunarena, harro-harro Jainkoari bizkarra ematen dion ustezko giza handikeriarena.

Ez zaitezte izutu, eta ez izan ezeren beldur, zuen laneko egoera izugarria izanda ere, Danielena zulo hartan basapizti aseezin haien artean baino okerragoa. Jainkoaren eskuak orduan bezain ahaldunak dira eta, behar balitz, gauza miragarriak egingo lituzkete. Leialak izan zaitezte! Kristoren ikasbideari leialtasun maitetsu, kontziente, alai batez, bai baitakizue oraingo urteak ez direla beste mendeetakoenak baino okerragoak eta Jauna betikoa dela.

Apaiz zahar bat ezagutu nuen, bere buruaz –irribarrez– hauxe esaten zuena: ni beti nago lasai, lasai. Horrela egon behar dugu gu beti, munduan sartuak, lehoi gosetiz inguratuak, baina bakea galdu gabe: lasai. Maitasunez, itxaropenez, Jaunak, beharrez gero, mirariak ugalduko dituela ahaztu gabe.

Oharrak
25

1 P V, 8.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean