126
Gaurko Mezaren Ebanjelioak eskaintzen digun gogoeta batekin bukatzen dugu. Bazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zen, Lazaro hil zen eta Jesusek piztu zuen tokira. Afari bat eskaini zioten han: Marta ari zen afaria zerbitzatzen eta Lazaro Jesusekin mahaian zeudenetariko bat zen, Orduan Mariak nardo garbizko kilo erdi bat ukendu, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi zizkion Jesusi, eta gero bere ile adatsez xukatu. Etxea lurrin-usainez bete zen31. Bai bihotz handitasun froga Mariaren parrastatze hura! Judas nahigabetu zen hirurehun denario gutxienez32 balio zituen –bere gutiziak kontuak ongi egitera eraman zuen– ukendu hura alferrik galdua izateagatik.
Benetan loturik gabe bizitzeak Jainkoarekin eta gure senideekin eskuzabal izatera darama; mugitzera, baliabideak bilatzera, beharrean daudenei laguntzeko norbera gastatuz. Kristaua ezin da konformatu bera eta beretarrak bizitzeko adina bakarrik irabazten uzten dion lan batekin: bere bihotz handitasunak laguntza ematera bultzako dio besteak eustearren, karitatezko arrazoiengatik, eta zuzentasunezkoengatik, San Paulok erromatarrei idazten zien bezala: Mazedoniakoek eta Akaiakoek dirubilketa egiteko borondatea izan dute, Jerusalemen dauden senide behartsuei laguntzeko. Horrela erabaki dute eta zorra ere bazuten haiekin; zeren, jentilak espirituzko ondasunetan juduen partaide izan badira, bidezko baita lurreko ondasunetan haien laguntzaile izatea33.
Ez izan zeken ezta zuhur gurekin behar baino eskuzabalagoa izan denarekin, bere burua erabat eman arte. Pentsa ezazue: zenbat kosta zaizue –diruaren aldetik ere– kristau izatea? Baina, batez ere, ez ahaztu alai ematen duena maite duela Jainkoak. Eta ahaltsua da Jainkoa, era guztietako dohainak zuei oparo emateko, zeuentzat denetik nahikoa izanik, egintza on guztietarako sobera izan dezazuen34.
Aste Santu honetan Jesu Kristoren oinazeetara hurbiltzean, eska diezaiogun Ama Birjinari, Hark bezala35, guk ere jakin dezagula ikasketa hauek guztiak gure bihotzetan aintzat hartzen eta gordetzen.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/126/ (2026-11-07)