223
Jauna, zergatik deitzen diozu berria agindu honi? Orain gutxi entzun dugunez, lagun hurkoa maitatzea aginduta zegoen Itun Zaharrean, eta oroituko zarete ere, Jesusek, bere bizitza publikoa hasi orduko, agindu hori zabaldu egiten duela, jainkozko eskuzabaltasunez: Badakizue legearen agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia. Nik, berriz, hau diotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztenen alde4.
Jauna, utz gaitzazu galdetzen berriro: zergatik jarraitzen duzu berria deitzen agindu honi? Gau hartan, Gurutzean zure bizitza eman baino ordu gutxi batzuk lehenago, Jerusalemera lagundu dizutenekin –beren ahultasun eta miseriak zituzten, gureak bezalakoak– izandako hizketaldi maitagarri horretan, Zuk ageri zenigun maitasunaren neurri susmaezinezkoa: nik maite izan zaituztedan bezala. Nola ez zizuten ulertuko Apostoluek, zure hondorik gabeko maitasunaren lekuko izan baziren!
Maisuaren iragarkia eta eredua garbiak, zehatzak dira. Egintzen bidez azpimarratu du bere doktrina. Hala ere, askotan pentsatu izan dut, hogei menderen ondoren, agindu hau berria dela oraindik, gutxi izan baitira agindu hori gauzatzeaz arduratu diren gizakiak; beste guztiek, gehienek, nahiago izan dute eta nahiago dute horren berririk ez izan. Berekoikeria izugarri batek eraginda, hauxe erabakitzen dute: zertarako konplikazio gehiago, aski eta sobra dut neurearekin.
Kristauen artean ez dago jarrera hau hartzerik. Fede hori bera baldin badugu, benetan Kristok lurrean utzi dituen urrats garbien atzetik ibili nahi badugu, ez da nahikoa guretzat nahi ez ditugun gaitzak besteei saihesten saiatzea. Hori, asko izanik, oso gutxi da, gure maitasunaren neurria Jesusen jarduerak azaltzen duela ulertzen dugunean. Gainera, Berak ez digu urruneko helburu bat bezala proposatzen arau hori, borroka bizitza oso baten koroatzea bezala. Abiapuntua da –izan behar da, berriro diot, erabaki zehatzetara itzul dezazun–, Jaunak aldez aurretik seinale bezala jartzen baitu: honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/223/ (2026-11-07)