234
Maitasunean jardutea
Inozoa litzateke kristau maitasunaren eskaerak erraz betetzen direla pentsatuko lukeena. Guztiz bestelakoa azaltzen da gizadiaren ohiko jardueran bizi duguna eta, zoritxarrez, Elizaren esparruan ere. Maitasunak isiltzera behartuko ez balu, gutako bakoitzak banaketez, erasoez, zuzengabekeriez, zurrumurruez, azpijokoez luze hitz egingo luke. Apaltasunez onartu behar dugu, gure aldetik bidezko erremedioa jartzen saiatzeko, inori minik egin gabe, inor gaizki tratatu gabe eta, zuzentzean, inor jota utzi gabe.
Ez dira gaurko gauzak. Kristo zeruetara igo eta urte gutxira, oraindik ia Apostolu guztiak alde batetik bestera zebiltzanean eta oro har sinesmen eta itxaropen giro sutsua zegoela, hainbat, ordea, desbideratzen hasi ziren, Maisuaren maitasuna bizi gabe.
Bekaizkeriak eta eztabaidak dituzuen bitartean –idazten die San Paulok korintotarrei–, ez ote zarete giza grinen menpeko? Ez ote duzue giza irizpide hutsez jokatzen? Ni Paulorena naiz, ni Apolorena, esaten duzuenean, ez al zarete giza irizpide hutsez ari?26, Kristo banaketa hauek guztiak gainditzera etorri dela ulertzen ez duzuenak? Zer da Apolo? Eta zer Paulo? Zuek sinesmenera erakarri zaituzten Jainkoaren zerbitzari besterik ez, bakoitza Jaunak eman dion egitekoaren arabera27.
Apostoluak ez du desberdintasuna gaitzesten: Jainkogandik hartu du bakoitzak bere dohaina, batak modu batera eta besteak bestera28. Baina desberdintasun horiek Elizaren onaren zerbitzurako izan behar dira. Ni orain Jaunari eskatzera bultzatuta sentitzen naiz –batu zaitezte, nahi baduzue nire otoitz honetara– ez dezala utzi maitasunik ezak arimak liskarrera bultza ditzan bere Elizaren barruan. Maitasuna kristau apostolutzaren gatza da; zaporea galduz gero, nola azaldu gintezke munduaren aurrean eta, burua altxata, esan: hemen dago Kristo?
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/234/ (2026-11-07)