233

Bere lehen seinaletako bat arima umiltasunaren bideetan sarraraztea izan ohi da. Ezer ez garela zinez irizten dugunean; Jainkoaren laguntzarik gabe, gizaki ahul eta motelena gu baino hobea izango litzatekeela ulertzen dugunean; oker eta bidegabekeria handienak egiteko gauza garela ikusten dugunean; bekatariak garela dakigunean, nahiz eta ahaleginak egin hainbeste desleialtasun alde batera uzteko, nola gaitzetsi behar ditugu besteak?, nola haz daitezke bihotzean fanatismoa, intolerantzia eta handiustea?

Umiltasunak eskutik garamatza lagun hurkoa modu hoberenean tratatzera: guztiei ulertzera, guztiekin elkar bizitzera, guztiak zuritzera; ez banaketarik, ez hesirik sortzera; batasunaren tresna izaten –beti! – arduratzera. Izan ere, gizakiaren barrenean ez da alferrik aurkitzen bakearen gogo bizia, hurkoekin bat egitekoa, pertsonaren eskubideak elkarren artean errespetatzekoa, begirune hori anaitasun bihur dadin. Gure giza egoerak duen gauzarik baliotsuaren aztarna azaltzen du: guztiok Jainkoaren seme-alabak bagara, anaitasuna ez da topiko hutsa ez ametsezko ideala: helburu zail baina erreal bezala nabarmentzen da.

Ziniko, eszeptiko, maitatzeko gai ez diren eta beren koldarkeria mentalitate bihurtu dutenen aurka, maitasun hori posible dela erakutsi behar dugu kristauok. Baliteke eragozpen handiak izatea horrela jarduteko, gizakia aske sortua izan baitzen eta bere eskuan du Jainkoari alferrik eta saminki aurre egitea: baina posible eta erreala da, jarduera hori Jainko maitasunaren eta Jainkoarenganako maitasunaren ondorio bezala sortzen baita nahitaez. Zuk eta nik nahiez gero, Jesu Kristok ere nahi du. Orduan ulertuko dugu, bere sakontasun era eraginkortasun osoan, nahigabea, norberaren uko egitea eta dohainik egindako eskaintza eguneroko elkarbizitzan.

Puntu hau beste hizkuntza batean