222

Jendetzaren artean nahasita, Moisesi azaldutako irakatsiak ezin bereizi zituen aditu haietako batek –kasuistika antzu batez beraiek nahaspilatu baitzituzten–, galdera bat egin dio Jaunari. Jesusek bere jainkozko ezpainak ireki ditu lege-maisu horri erantzuteko eta astiro hitz egiten dio, ongi probatuta duenaren argitasun ziurrez: Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiaz. Hori da agindurik nagusiena. Eta bigarrena, honen antzekoa da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak1.

Begira orain ikasleekin bilduta dagoen Maisuari Afaltokiko giro kutunean. Nekaldiaren ordua hurbiltzean, Kristoren Bihotza, berak maite dituenez inguratuta, esan ezinezko sugarretan lehertzen da: agindu berri bat ematen dizuet, esaten die: elkar maita dezazuela nik maitatu izan zaituztedan bezala. Eta nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar. Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean2.

Ebanjelio Santuaren orrialdetan zehar Jaunarengana hurbiltzeko, eszena bakoitzean sartzen saia zaiteztela beti gomendatzen dizuet, beste pertsonaia batek bezala parte hartuz. Horrela –hori egiten duten pertsona normal asko ezagutzen ditut– Maria bezala, zuen baitan bilduta geldituko zarete Jesusen hitzei adi, edo Martak bezala, zuen kezkak, baita txikienak ere, berari garbi azaltzera ausartuko zarete3.

Oharrak
1

Mt XXII, 37-40.

2

Jn XIII, 34-35.

3

Ik. Lk X, 39-40.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Puntu hau beste hizkuntza batean