232
Maitasunaren seinaleak
Atsegin dut Espiritu Santuak Isaias profetaren ahotik esaten dizkigun hitz batzuk jasotzea: discite benefacere23, on egiten ikas ezazue. Gure barne-borrokaren alderdi desberdinei begira erabiltzen dut aholku hau, kristau bizitza inoiz ez baita amaitutzat eman behar, bertuteak egiazko eta eguneroko ahaleginen ondorio bezala hazten baitira.
Gizarteko edozein zereginetan, nola ikasten dugu? Lehenik, bilatzen dugun helburua eta hura lortzeko behar diren baliabideak aztertzen ditugu. Gero, baliabide horiek erabiltzeari eusten diogu, behin eta berriz, ohitura sortu arte, errotua eta finkoa. Zerbait ikasten dugunean, ezagutzen ez genituen beste gauzez jabetzen gara, lan honetan jarraitzeko pizgarri direnak, nahikoa dela inoiz esan gabe.
Lagun hurkoarekiko maitasuna Jainkoa maite izatearen adierazpen bat da. Horregatik, bertute honetan aurreratzen saiatzen garenean ezin dugu mugarik ipini. Jaunarekin neurri bakarra, neurririk gabe maitatzea da. Alde batetik, inoiz ez garelako aski eskertzera iritsiko Berak gugatik egindakoa; bestetik, Jainkoaren maitasuna bera gizakienganako horrela agertzen delako; gehiegizkoa, kalkulurik gabe, neurririk gabe.
Arimaren belarriak Berari zabaltzeko prest gauden guztioi, Jesu Kristok, Mendiko hitzaldian, maitasunaren jainkozko agindua irakasten digu. Eta, bukatzean, laburpen gisa, hauxe dio: maitatu zuen etsaiak. Egin ongi eta eman maileguz ordainari begiratu gabe: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita bera eskertxarreko eta gaiztoentzat. Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala24.
Errukia ez da gupida sentipen huts batean gelditzen: errukia maitasunaren oparotasunarekin bat dator, eta honek, aldi berean, justiziaren oparotasuna dakar. Errukiak esan nahi du bihotza haragi bizitan mantentzea, giza eta jainkozko mailan maitasun sendo, opaldu, eta emankor batek jota. Horrela azaltzen du San Paulok maitasuna bertute honi egiten dion kantuan: Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da; ez du bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuskeriarik. Ez da lotsabagea, ez berekoia, ez haserrekorra; kaltea ez du gogoan hartzen. Ez da bidegabekeriaz pozten, baizik eta egian pozten da. Maitasunak dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten25.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/232/ (2026-11-07)