224
Jesu Kristo Gure Jauna gizon egin zen eta gure izaera hartu zuen bertute guztien eredu bezala azaltzeko gizadi osoaren aurrean. Ikasi niregandik, gozoa eta bihotz apala bainaiz5.
Gero, Apostoluei azaltzen dienean zein den kristau direla adieraziko duen seinalea, ez du esaten: apalak zaretelako. Bera garbitasunik bikainena da, Bildots guztiz garbia. Ezerk ezin zuen zikindu bere santutasun ezin hobea, orbangabea6. Baina ez du esaten ere: kastoak eta garbiak zaretelako ezagutuko dute nire ikasleen aurrean daudela.
Lurreko ondasunei batere lotu gabe igaro zen mundu honetatik. Unibertso osoaren Egile eta Jaun izanik, ez zuen ezta ere burua non ezarri7. Hala ere ez du esaten: niretarrak zaretela jakingo dute ondasunei atxikita ez zaudetelako. Berrogei egun bere gauekin egon zen basamortuan, barau zorrotzean8, Ebanjelioa predikatzeari ekin aurretik. Eta, era berean, ez die ziurtatzen: Tripazain eta edaleak ez zaretelako jakingo dute Jainkoa zerbitzatzen duzuela.
Apostoluen ezaugarria, eta garai guztietako benetako kristauena, entzuna dugu: Honetan –honetan hain zuzen ere– ezagutuko dute guztiek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean9.
Guztiz normala iruditzen zait, Maisuak azalpen hau behin eta berriro egin ondoren, Jainko seme-alabak –orain zu eta ni bezala– hunkituak geratu izana. Jaunak ez ditu gauza harrigarriak edo mirariak ezartzen bere ikasleen leialtasunaren seinale bezala, nahiz eta egiteko ahala eman dien, Espiritu Santuarengan. Zer azaltzen die? Elkar maite baduzue ezagutuko dute nire ikasle zaretela10.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/224/ (2026-11-07)